Bilbo Basketek esku-eskura dauka Kopa. Majo sufrituta menderatu zuen Estudiantes, baina zortzi onenen artean bukatuko du jardunaldia, eta bi aukera on izango ditu hurrengo igande iluntzean, lehen itzulia bukatzen den egunean, postu horretan mantentzeko. Menorcan, aurrena, asteazkenean, eta gaur zortzi, etxean, bigarrena, Cajasolen aurka. Bizkaitarrek defentsa ona egin zuten 40 minututan, eta 57 puntura mugatu Estudiantesen erasoko jarduna. %33 asmatu zuten madrildarrek, eta etxekoen meritua da hori.
Bilbo Basketek arazo franko izan zituen defentsako errebotean. 18 eman zizkion aurkariari, eta Estudiantesek puntu asko lortu zituen saskipean, bigarren eta hirugarren aukeren bitartez, baina ez zuen etsi, eta akatsak akats, beti jarri zuen zailtasunean Estudiantes. Besteak beste, erasoan eraginkor izan zelako. Marko Banicen bitartez lehen zatian (14 puntu eta %100 jaurtiketetan), eta Aaron Jacksonen zazpi punturekin azken laurdenean. Odol hotz handia izan zuen estatubatuarrak, taldearen hiruko estatistika txar-txarra zenean (%25), hiruko erabakigarri bi saskiratzeko gauza izan zelako. 32. minutuan lehenengoa, eta 39.ean bigarrena. 60-53koa jarri zuen Jacksonen hamabigarren puntuak, eta lasaitasuna eman taldeari.
Partida urduria izan zelako. Estudiantesek grina handiarekin jokatu zuen, erasoan herren aritu arren, eta beti bilatu zuen erantzun egokia Bilbo Basketi garaipena zailtzeko. Erasoko errebotea, gehienetan, baina baita Caner-Medley eta Pancho Jasenen puntuak, eta Sergio Sanchezek bigarren zatian saskiratutako bi hirukoak ere. Bilbo Basketek askotan lortu zuen sei-zazpi puntuko aldea, baina hortxe geratu zen, partida hautsi ezinik. Estudiantes parean zeukalako, eta puntu bakarrera hurbiltzea lortu zuelako 44-43koarekin.
Blumsen hirukoa etorri zen orduan, Jacksonena gero, eta Mumbruren bost puntu segidan, bere taldea 55-48 aurreratzeko. Estudiantesen azken erreakzioa alferrikakoa izan zen. Etxekoak, garaipenarekin Kopa ukitzen ari zirelako, eta Estudiantesek, gero eta urrunago ikusten zuelako lorpen hori minutuak aurrera egin ahala. Bi partidetatik bat irabaztea nahiko izan liteke.
Bilbo Basketek gertu du Kopa, defentsari eta odol hotzari esker
Jacksonek eta Banicek lan bikaina egin dute elkarrekin erasoan, baina defentsa izan da garaipenaren giltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu