Ondo gogoan dute Bilbo Basketeko zaleek iaz bizitakoa. Txapeldun izan ziren FIBAren Europako Kopan, PAOK Tesalonikari irabazita. Bada, gauzak zer diren: aurten ere bi taldeek elkarren aurka jokatuko dute finala. Gaur izango da joanekoa, Grezian (18:15); eta hurrengo asteazkenean jokatuko dute itzulikoa, Bilbon.
Finalak jokatzea beti da zirraragarria, baina oraingo honetan, hori aski ez, eta Bilbo Basketek arrastoa utz dezake historian. Titulua lortuko balu, lehen taldea izango litzateke bi urtez jarraian FIBAren Europako Kopa irabazten.
Iaz lortu bazuen, zergatik ez aurten berriro irabazi? Taldeak azken denboraldikoa bizi eta loria dastatu nahi du, eta azken urratsa baino ez zaio falta. Zailena izango da, baina Jaume Ponsarnauk zuzendutakoek badituzte baikor egoteko motiboak. Galdu egin zuten lehen partida Peristeriren aurka, baina ordutik txapelketan jokatutako neurketa guztiak irabazi dituzte: hamabost segidan. Geldiezin aritu dira, eta egindako bideak konfiantza eman die.
PAOKen aurka ere bi aldiz jokatu dute, eta biak irabazi dituzte: 95-73 etxean, eta 87-88 kanpoan. Finalaurrekoetan, gainera, aise kanporatu zuten Hungariako Szombathely taldea. Tryggvi Hlinason kapitainaren arabera, sendo dago taldea: «Final bat da, eta, beraz, partida bereziagoa da, baina beste neurketa guztietan bezala aritu behar dugu. Gogotsu gaude».
«Aurten bi aldiz jokatu dugu haien aurka, baina PAOK trantsizio garaian zegoen, eta orain talde osoagoa da»
TRYGGVI HLINASONÂ Bilbo Basketeko jokalaria
Dena den, aurkari indartsua izango dute parean. Greziako taldeak Murtzia kaleratu zuen finalerdietan, eta talde ahaltsua dela berretsi zuen. Mendekua hartzeko gogoz egongo da, gainera. Aldaketa asko izan ditu, baina egokitu dira, eta ondo ari dira lehiatzen. Bolada onean daude emaitzei eta jokoari dagokienez.
«Aurten bi aldiz jokatu dugu haien aurka, baina PAOK trantsizio garaian zegoen, eta orain talde osoagoa da», azaldu du Hlinasonek. Hori uste du Harald Frey jokalariak ere: «PAOK asko hazi da; talde desberdin bat da. Irabazteko asmoz atera behar dugu kantxara». Biek nabarmendu dutenez, lehiarako «prest» daude.
Datuei erreparatuta, Bilbo Basket da irabazteko faboritoa, baina kantxan erakutsi beharko dute hori, etiketek ezer gutxirako balio baitute. Gainera, adi egon beharko dute. PAOKek, izan ere, jokalari trebeak ditu buruz buruko jokaldietan, eta fisikoki ahalmen handia dute. «Bi taldeak finalean badaude, zerbaitegatik daude; ez dago faboritorik. Talde indartsua dute, baina irabaztea dugu helburu, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu», azpimarratu du Freyk.
Giro beroa
Greziako zaleek estutu egiten dute. Tesalonikako Sports Arenak 8.500 ikuslerentzako tokia du, eta zaleek asko berotzen dute giroa, aretoa infernu bilakatzeraino. Badakite hori bilbotarrek, eta jakitun dira gakoa izan daitekeela joaneko partidan emaitza on bat lortzea. Horretan saiatuko dira, gero finala etxean biribiltzeko asmoz. Ilusioz daude zaleak, eta bete egingo da Miribilla ere. Minutu gutxian gastatu ziren sarrera guztiak. Festa eguna izatea nahi dute denek.
Iaz, Bilbo Basketek etxean jokatu zuen joanekoa, eta bilbotarrek zazpi punturen aldeagatik irabazi zuten. Itzulikoa, berriz, bi punturen aldeagatik galdu zuten. Aurten zaleen aurrean lor dezakete titulua, klubaren bigarrena. Marka litzateke biak jarraian irabaztea, eta, gainera, aurkari beraren kontra.
Gainera, Bilbo Basketek iaz lortutako titulua Europan euskal saskibaloi talde batek irabazitako bigarrena izan zen. Aurrenekoa Baskoniak lortu zuen: Europako Errekopako txapeldun izan zen 1995-1996ko denboraldian, hartan ere finalean PAOKi irabazita. Greziako taldea gustuko aurkaria dute euskal taldeek, antza. Ea berriro iazkoa gertatzen den.