Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic
Bilbon ere prestatzen ari dira historikoa izan daitekeen egunerako
Hamaika pantaila erraldoi jarri dituzte Bizkaiko hiriburuan barreiatuta, gaurko finala ikusteko
Urruti dago Bilbo Bukarestetik, 3.000 kilometro ingurura, baina gaur Bizkaiko eta Errumaniako hiriburuak inoiz baino gertuago egongo dira. 7.650 zale zuri-gorrik izango dute finala bertatik bertara ikusteko pribilegioa. Haien babesa izango du Athleticek, haiena eta talde zuri-gorriak munduan barreiatuta dauzkan milaka eta milaka jarraitzaileren babesa. Horietako gehienak Bilbon bilduko dira, udalaren, dendarien eta beste hainbat elkarteren ekimenez jarri diren pantaila erraldoietan finala ikusten. San Mames izango da gune nagusia, 40.000 lagun baino gehiago bilduko baitira estadioan. Gune nagusia bai, baina ez bakarra. Casillan, Plaza Barrian, Funikular plazan, Moraza plazan, Areatzan, Garcia Rivero eta Egaña kaleetan, Santutxun... hamaika tokitan izango dira pantaila erraldoiak. Bilbon ez ezik, Bizkaiko hainbat herritan ere antzekoak egingo dituzte. Dena helburu jakin batekin: Athleticek euren babesa jaso dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu