Binakako finalistek Seaskaren alde jokatuko dute bihar

Xala eta Laskurain Gonzalezen eta Zubietaren aurka ariko dira Hendaiako Daniel Ugarte ezkerparetan

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Binakako txapelketako lau finalistek Seaskaren aldeko Iparraldeko Ikastolen II. Sari Nagusia jokatuko dute bihar, Hendaiako Daniel Ugarte ezkerparetan (20:00). Hasieran finalaren errebantxa izan behar zuen, baina aldatu egin dute pilotarien sasoiaren eraginez. Xalak Laskurain izango du alboan, eta Gonzalezek, Zubieta. Aurretik Cabrerizok eta Merinok lau t'erdiko partida jokatuko dute.

Jaialdiko sarrerekin lorturiko irabaziak Piarres Larzabal ikastetxearentzat eta Integrazio Batzordearentzat izango dira. Sarrerak 20 euro balio du, eta 18 urtetik beherakoak dohainik sartzeko aukera izango dute. Jaialdiaren aurkezpenean, Mikel Larralde Seaskako kide eta antolatzaileak Aspe enpresak eginiko «ahalegin ekonomikoa» eskertu zuen.

Tankera horretako jaialdiak bultzada garrantzitsua dira ikastolarentzat, «oxigeno ahokada garrantzitsu bat da», azaldu zuen Phillipe Aramanedi Piarrez Larzabal ikastetxeko presidenteak.

Bestalde, atzo Noainen jokaturiko binakako zesta-punta txapelketako lehen partida bertan behera gelditu zen. Gotzon Enbilek, 23-25 galtzen ari zenean, gihar bikian min hartu zuen. Hala, Egigurenek eta Lopezek lortu zuten lehen puntua. Aurrerantzean Pradera ariko da Goikoetxearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.