Historikoa izango da 2026ko gizonezkoen Frantziako Tourra; historikoa, proba horretako antolatzaileek hala erabakita, bitan igoko baitute Alpe d'Huez, Tourraren mendate ikonikoenetako bat. Hori aski ez, eta azken asteburuan igoko dute bitan mendate hori, hau da, ezusterik ezean, haren aldapetan argituko da zeinek jantziko duen maillot horia azken egunean Parisko Eliseoko Zelaietan.
Alpe d'Huez bitan igotzearen berritasuna kenduta, antolatzaileek azken urteetako joerari eutsi diote ibilbidea osatzeko orduan: batetik, kilometro oso gutxi jokatuko dituzte erlojuaren aurka, 45 besterik ez; eta, bestetik, etapa labur eta gorabeheratsuen alde egin dute. Bost etapa bukatuko dira mendate batean, horietatik hiru azken lau egunetan. Pirinioak zeharkatuko dituzte hasi eta berehala, erdialdeko mendiak igoko dituzte gero, eta Alpeak azkenik.
Itxuraz, ibilbide ezin aproposagoa da Tadej Pogacarrentzat (UAE). Txirrindulari esloveniarrak bosgarrenez irabazi nahi du Tourra, eta, garaipen gehien duten lau txirrindulariei batu: Jacques Anquetili, Eddy Merckxi, Bernard Hinaulti eta Miguel Induraini. Egun, Pogacarrek ez du aurkaririk. Oso nagusi da.
Parisen amaituko da Tourra, uztailaren 26an. Hasi, berriz, Bartzelonan hasiko da, uztailaren 4an. Lehen aldiz jokatuko dute Tourreko lehen etapa Herrialde Katalanetan. Hori aski ez, eta lehen aldiz ekingo diote probari taldekako erlojupeko bat jokatuta. Hemeretzi kilometrokoa izango da, eta azken kilometroak izango dira gogorrenak, bitan igoko baitute Montjuic. Hurrengo egunean, berriz, hirutan igoko dute gain hori. Tarragonan hasiko da etapa, eta Bartzelonan bukatu.
Hirugarren etapan jokatuko dute mendiko lehen etapa, Pirinioetako aurrenekoa: Les Angles gainean bukatuko da etapa. Pirinioetako etaparik gogorrena, baina, seigarrena izango da, Pauen hasi eta Gavarnie-Gedren bukatuko dena. Etapa berean bi mendate historiko igoko dituzte: Aspin eta Tourmalet.
Esprinterrek eta iheslariek euren aukera izango dute hurrengo egunetan. Lehen atseden egunaren biharamunean, berriz, goian bukatuko da berriro etapa, hamargarrena, Le Lioranen. Lau egun geroago izango da hurrengo mendiko etapa, Le Marksteinen bukatuko dena. Biharamunean etapa gogorra jokatuko dute berriro, Plateau de Solaison amaituko dena. Merezita hartuko dute hurrengo egunean bigarrenez atseden.
Hamaseigarren etapan izango da bigarren erlojupekoa, 26 kilometrokoa, eta, etapa samur baten ostean iritsiko da lehen estutua Alpeetan, aldapan gora amaituko baitute Orcieres-Merletten. Gero etorriko da errematea: lehenbizi, Alpe d'Huez, eta, gero, Paris.
Ez dute bitan osorik igoko Alpe d'Huez; sekulakoa litzateke hori. 19. etapan, osorik igoko dute. Aurretik hiru mendate nahiko gogor utziko dituzte atzean: Bayard, Noyer eta Ornon. Etapa laburra izango da, 128 kilometrokoa. Izan ere, hurrengo egunerako utzi dute gogorrena Tourreko antolatzaileek. «Tourraren historiako etaparik gogorrenetakoa izango da», esan du Christian Prudhomme gizonezkoen Tourreko zuzendariak gaur, ibilbidearen aurkezpenean. Itxura du horrela izango dela. Lehenik, hiru mendate mitiko igoko dituzte: La Croix de Fer, Telegraph eta Galibier; jarraian, Sarenne igoko dute, eta hura jaitsi ostean iritsiko dira Alpe D'Huezeko azken zatira. 21 bihurgune ditu gain horrek, baina txirrindulariak azken lauretatik bakarrik igaroko dira, hau da, azken bost kilometroak bakarrik egingo dituzte, nahikoa txikituta irits daitezen.
Hurrengo egunean bukatuko dituzte egitekoak, Parisen, baina aurten bezala, ez dira paseoan ibiliko Eliseoko Zelaietara iritsi arte. Hara ailegatu arte hirutan igoko dute Montmartre mendatea. Iaz egin zuten lehen aldiz hori, Parisko Olinpiar Jokoetan, eta arrakasta handia izan zuen. Baita aurten ere, Wout van Aertek (Visma) eta Pogacarrek sekulako buruz burukoa izan baitzuten Montmartreko aldapetan.
Beste mugarri bat
ASOk bosgarrenez antolatuko du emakumezkoen Tourra, eta aurtengo egiturari eutsi dio: bederatzi etapa jokatuko dituzte berriro, abuztuaren 1etik 9ra. Suitzan hasiko da Tourra, Lausanan, eta Nizan (Frantzia) bukatu. Berritasunak daude. Aurten ez dira lehiatu erlojuaren aurka, baina hurrengo ekitaldian 21 kilometroko banakako erlojupeko bat jokatuko dute laugarren etapan. Horrez gain, lehen aldiz igoko dute Mont Ventoux. Hantxe, Proventzako Erraldoia deritzon mendatean bukatuko da zazpigarren etapa. Mendate ikonikoak igo dituzte azken urteetan Tourrean: La Planche des Belles Filles, Tourmalet, Alpe d'Huez, La Madeleine eta Joux Plane, besteak beste. Horri segida eman nahi izan dio ASOk. «Mont Ventoux igotzeak emakumezkoen txirrindularitza indartzeko balioko du», esan du Marion Rousse emakumezkoen Tourreko zuzendariak.
Zazpigarren etapa horretaz gain, azkena ere oso gogorra izango da: lau mendate igoko dituzte ehun kilometro eskasetan. Beste etapetan ere saltsa izango da, nahiko gorabeheratsuak baitira guztiak. Roussek argi du: «Etapa guztietan egongo da lehia estua».