Oraindik ere emozionatu egiten da Inaxio Perurena (Leitza, Nafarroa, 1984) joan den urriaren 25ean bizitakoa gogora ekartzean. Harri jasotzen agurreko saioa egin zuela hilabete eta erdi joan den arren, Leitzako plazan bizitakoa nekez ahaztuko du. «Egun biribila izan zen, zoragarria, beti gogoratuko dudana». Ingurukoen eta herritarren maitasuna sentitzeak bete zion barrena, eta eskertuta egongo da «bizitza guztian». 36 urteko ibilbidearen ondotik, plazan ez du gehiago jardungo, baina harria ez du erabat utziko. «Etxean jarraitu beharra daukat altxaldi batzuk egiten, gorputzak martxan segi dezan». Historiarako geratuko da Perurenaren izena harri-jasotze munduan. Besteak beste, 300 kilotik gorako harria jasotzea lortu duten lau harri jasotzaileetako bat baita.
Urriaren 25a baino lehen oso urduri zeundela aitortu zenuen publikoki. Behin egun hura igaro eta hilabete eta erdira, zer sentitzen duzu?
Emozioa eta eskerra. Izugarri oroitzapen ona geratu zait nire agurreko egunaz. Herritarren eta ingurukoen babesa izugarria izan da nire ibilbide osoan. Esaterako, errekor saiakera ofizialetan ez ezik, entrenamendu saioetan ere jendetza hurbildu izan da ni ikustera. Beti sentitu dut maitasun hori, eta nolabait itzuli nahi nion herriari sentitzen nuen guztia. Egun polit bat pasatzea genuen pentsatua, eta aurreikuspen guztiak gainditu ziren. Saio polita osatu genuen plazan harriarekin, bazkaria ere giro ederrean joan zen, eta ondorengo orduetan jende ugari hurbildu zitzaidan eskerrak ematera. Ezin dut gehiago eskatu.
Sorpresek ere izan zuten tokia agurreko saioan.
Espero ez nituen ekitaldiak antolatu zituzten, eta hunkitu egin nintzen. Malkoei eutsi ezinda egon nintzen hainbat momentutan. Bertsoak tokia izan zuen plazan, Xabat eta Joanes Illarregi anaiak ez ezik, Aitor Mendiluze ere aritu baitzen. Horrez gain, alabak aurreskua dantzatu zidan, eta hori benetan hunkigarria izan zen. Ez nekien ezer aurrez, eta sorpresa galanta izan zen. Familiako guztiak nire inguruan sentitzeak bete egin ninduen.
Bertsolariak aipatu dituzu, eta bertsoak toki garrantzitsua izan du zure kirol ibilbidean.
Bertsozale amorratua naiz, eta nire agurrean ausartu nintzen bertso bat kantatzera. Jendea horren eske neukan. Harri jasotzeak eman didan gauzetako bat izan da herri asko ezagutu ditudala, eta kilometro ugari egin ditut batera eta bestera. Gogoan dut behin Madrildik Leitzara itzuli behar nuela gauez, bakar-bakarrik, eta nekatuta nengoela. Emazteari deitu nion esanez akaso bidean geratuko nintzela lo kuluxka bat egiten. Ez nuen horren beharrik izan. Bertsoak jarri nituen autoan, eta ohartzerako etxean nintzen. Bost orduko bidaia oso motz egin zitzaidan, eta sarritan gertatu zait hori, bertsoei esker.
Nola oroitzen dituzu zure hasierak harri jasotzen?
Bost urte besterik ez nuela, erakustaldi txiki bat egin behar nuen Leitzako plazan bertan, eta gogoan dut gaizki pasatu nuela. Plazan hainbeste jende ikusita izutu egin nintzen, eta nahiago nuen jendaurrera ez atera. Egun hori iltzatuta geratu zitzaidan. Urte batzuk geroago, 9-10 urte inguru nituela, harri txikietan hasi nintzen, eta pixkanaka gustua hartuz joan nintzen harri jasotzeari. Garai horretan ohartu nintzen harria nire bizitzaren parte izango zela.
Abizenaren pisua zenbaterainokoa izan da?
Nire lehen erakustaldi hartan, 5 urte nituela, kazetari batek galdetu zidan ea aitaren errekorra hausteko gai izango ote nintzen. Hizketan ere justuan nekien. Galdera hori beti egon da komunikabideetakoen buruan, baina nik berehala onartu nuen nire bidea egin behar nuela. Aitaren itzala hor egon da, baina ez dut inoiz presiorik sentitu. Kontrakoa: laguntza eduki dut.
«Berehala onartu nuen nire bidea egin behar nuela. Aitaren itzala hor egon da, baina ez dut inoiz presiorik sentitua. Kontrakoa: laguntza eduki dut»
36 urteko ibilbidea laburtzea zaila da, baina zerekin geratzen zara, batez ere?
Marken gainetik, jendearen maitasunarekin geratzen naiz. Markak hor daude: esku batekin lortu nuen 240 kilokoa jasotzea, eta bi eskurekin 308 kilokoa. Baina askotan aipatu dut markatuta geratu zitzaidala 305 kilokoa jaso nuen egunekoa. 2016ko otsaila zen, hamar zentimetroko elurra zegoen Leitzan, eta pentsatzen nuen inortxo ere ez zela joango pilotalekura, nire errekor saiakera ikustera. Etxeko leihotik panorama ikusi nuenean behera etorri nintzen. Lagunek animatu egin ninduten, eta hor atera nintzen frontoira aldageletatik, publikoari bizkarra emanda. Buelta eman nuenean harmailak leporaino beteta ikusi nituen, eta hunkigarria izan zen. Ez nuen espero. Barruan sua sentitu nuen, poza. Leitzatik ez ezik, kanpotik ere jende mordoa etorri zen, elurrak elur. Hor sentitu nuen jendea nirekin zegoela, eta, gainera, altxatu egin nuen 305ekoa. Bi hilabete geroago etorri zen 308ko marka.
«Markak hor daude, baina horien gainetik jendearen maitasunarekin geratzen naiz»
310 kiloko harria jasotzeko ere hasi zinen prestatzen.
308koak pasatu zirenean segitu nuen 310ekoaren bila. 311 kilokoa ere jaso nuen etxean, baina pandemia etorri zen, eta, luzerako izango zela ikusi nuenez, bertan behera utzi nituen prestaketa horiek. Garai horretan belaunean krakateko bat sentitu nuen, meniskoa hautsi nuen, eta harri txikiagoetan murgildu nintzen handik aurrera. Deskantsu handia hartu nuen, egia esan. Asteasun, 300 kilokoa bizkarretik atzera erori zitzaidan, eta aurrerantzean beldurrez aritu nintzen harri handiekin. Etapa hori amaitzeak lasaitasuna ekarri zidan.
Markak ahaztezinak dira lortzen direnean, baina zenbaterainoko lana dago haien atzean?
Lan ikaragarria, imajina ezina. Asteko zazpi egunetan eta hogeita lau orduetan egon behar duzu horretan pentsatuz. Nire planteamendua izaten zen erakustaldietan ere harri handiak erabiltzea, markei begira lan egiteko. 2012an hasi eta hamar urtez egon nintzen gurpil horretan sartuta, eta horrek berekin dakar entrenamendu oso gogorrak egitea. Astean sei entrenamendu gogor eginaz ibili naiz, gorputzari egur handia emanaz. Entrenamenduez gain, badira beste arlo batzuk zaindu beharrekoak: elikadura, oinetako erosoekin ibili beharra, parrandarik ez egitea, katarrorik ez harrapatzeko toki egokietan ibiltzea… Bizi estilo bat eman dit harriak, eta, gauza batzuk kendu dizkidan arren, ez naiz ezertaz damutzen. Familiaren babesa ezinbestekoa izan da. Esaterako, 2013an ezkondu ondoren eztei bidaia ezin izan genuen egin, errekor saiakerekin zentratuta nengoelako eta ezin nituelako entrenamenduak alde batera utzi. Alabekin ere ezin izan dut edozein plan egin orain arte.
Elikaduraren garrantzia aipatu duzu. Eta alderdi psikologikoa zaindu al duzu?
Nahiz eta kanpotik iruditu ez, beti izan naiz oso urduria. Gaizki pasatu izan dut marka saiakerekin, eta arlo psikologikoari ez diot eskaini nahi bezainbeste denbora. Gaur egun gehiago erreparatzen zaio kontu horri, baina niri burutik ere ez zitzaidan pasatzen psikologoarengana joatea. Mesede egingo zidan, dudarik gabe. Prozesioa beti eraman dut barrutik, eta etxekoek badakite. Urduritasuna eta tentsioa beti izan ditut etsai, eta urteekin ez dut ikasi lasaitzen. Dena den, gurea kirol minoritarioa da, eta udan erakustaldietan ateratako dirua neguko prestakuntzara bideratu dugu. Besteak beste, nutrizionistak, entrenatzaileak, masajeak, epaileak, dopin kontrolak eta abar ordaintzeko. Horri psikologo baten gastua erantsiz gero, ez da errentagarria harri-jasotze mundua.
Erakustaldietan gozatu al duzu gehien?
Herriak eta jendea ezagutzea izan da kirol honen aberastasun nagusia. Herrietako jaietan herri kirolak dira aurrekontuko gauzarik merkeenetakoa, eta han eta hemen gurekin akordatzen direla sentitzea plazera izan da. Harria, aizkora eta abar dira Euskal Herriko ondareak, eta plazetan bizirik gaudela sentitzeak bete nau. Jendea nire inguruan txaloka ikusteak ez dauka preziorik. Zenbat toki ezagutu ote dudan harriari esker! Leku guztietan hartu naute beso zabalik.
Askok pentsatuko dute oso gaztea zarela oraindik erretiroa hartzeko, 41 urte baitituzu.
Nahiago nuen gazterik erretiratu. 2021ean lesio larria izan nuen belaunean, eta garbi geratu zitzaidan ezingo nuela gehiago jardun harri handien marka saiakerekin. Orduan ulertu nuen etorkizuneko ikuspegia aldatu behar nuela. Lehentasuna zen erabat izorratu baino lehen plazak uztea, eta halaxe erabaki nuen. Esaterako, lau harri jasotzaile gara historian 300 kilo baino gehiago jasotakoak: Mieltxo Saralegi, Iñaki Perurena nire aita, Iñaki Otaegi Gibitegi eta ni neu. Lehen biak gorputza astinduta daukate, harri handiekin jarraitu zutelako urteetan aurrera egin arren. Gibitegik, berriz, lehenago utzi zuen jarduna, eta orain askoz hobeto dago osasunari dagokionez. Nik ere nahiago nuen bide hori hartu eta zahartzarora begira damurik ez izan. Pentsa, hilabete eta erdi soilik igaro da erretiratu nintzela, baina jada hobeto sentitzen naiz belaunetatik; eskailerak igo eta jaistean, adibidez.
Mezu hori ez al da arriskutsu samarra?
Goi mailako kirol guztiek dute euren arriskua, hori garbi dago. Egia da harri handiekin ibiliz gero arriskua handiagoa dela, baina ehun kiloko bolarekin ere min har daiteke. Gorputza ongi berotzea da sekretua. Harria jasotzeak ematen duen sentipena bikaina da, eta gero eta harri jasotzaile gehiago ditugu gure inguruan. Crossfit mundutik datoz asko, eta pozgarria da. Lehen, txapelketak antolatu ezinik ibiltzen ginen, hiru harri jasotzaile osatzen ez ginelako. Orain egoera aldatu da.
Zertan murgilduko zara aurrerantzean?
Masaje ematen daramatzat urteak, eta zentro bat badut Leitzan. Oso gustura ari naiz lanean. Gainera, herri kirol munduko jende asko hurbiltzen zait masajea hartzera, eta mundu horrekin lotuta jarraitzeko baliagarria zait hori. Lanaz gain, familiarekin planak egiteko eta sagardotegietara joateko aprobetxatu nahi dut denbora.
Nafarroako Gobernura joateko tartea hartu beharko duzu, Maria Txibiteren deia jaso berri baituzu.
Egia da, eta oso pozik nago. Nafarroako Kirol Merituaren sariak eman behar dituzte, eta urrezko domina Javi Urriza erremontista ohiari emango diote. Zilarrezko domina emango didate niri, eta sekulako ilusioa daukat. Gurea bezalako kirol txiki bat toki horietara iristen dela ikustea pozgarria da.