Futbola. Europako Ligako finalerdietako itzulikoa: Athletic-Sporting Lisboa

Biziago, oldarkorrago

Athleticek Sporting Lisboaren pareko indarrarekin jokatu beharko du gaur, Europako Ligako finalean egon nahi baduMuniain ariko da De Marcosen postuan, eta Ibai Gomez hamaikakoan izango da

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Europako final bat jokatzeko sufritu egin behar da. Ez dago besterik. Athleticek gogotik egin beharko du behar Europako Ligako finalean egon gura badu. Gutxitan izaten den aukeraren aurrean dago, talde zuri-gorrian jokatuta gaitza baita tituluak irabazteko lehian egotea. Zer esanik ez Europan. «Une eta partida berezia da oso. Europako Ligako finala jokatu eta Athleticen historian sartzeko aukera ona daukagu. Jokoan dagoena asko da, eta lortuz gero handia litzateke saria. Beraz, motibazio aldetik gainezka gaude», esan zuen atzo Andoni Iraolak.

Bi taldeen mailaz eta jokoaz gain, final bat jokatzea jokoan dagoenean beste makina bat faktorek izaten dute garrantzia, adibidez, presioa. Jokalari guztiek ez dute berdin erantzuten konpromiso handiko partidetan. Batzuk hazi egiten dira. Beste batzuk, aldiz, kikildu. Eskarmentuak eta izaerak asko balio dute kontrola mantentzean. Ildo horretan, ezin da esan egungo Athletic eskarmentu handiko taldea denik, baina Marcelo Bielsak ez dio horri aparteko garrantzirik ematen. «Jokalariek ez dute presioa nabarituko. Profesionalek gaindituta dute hori», esan zuen Athleticeko entrenatzaile argentinarrak.

Bai teknikariaren, eta baita futbolarien kezka da talde baten eta bestearen jokoak eman dezakeen emaitza. Joanekoan gertatutakoak egoneza sortu du. Sporting Lisboak erakutsi zituen armak kontuan hartzekoak izan ziren. Ricardo Sa Pintok zuzentzen duen taldearen dohain nagusietako bat lehiakortasuna da. Talde gogorra da, eta garbi du zer egin behar duen zelaian. Sa Pintok bere izaera kutsatu dio taldeari. Hori gauza handia da edozein egoerari aurre egiteko. Arriskutsua da oso amore ematen ez duen talde bat konfiantzaz gainezka dagoenean.

Bi zutabetan oinarritu da Sa Pinto talde lehiakorra egiteko. Lehentasuna atea ondo zaintzea da. Defentsan ez dago oparirik egiterik. Erasoan, berriz, hegalekoen indarra eta erasoko jokalarien talentua baliatzen du eraginkor izateko. Ez da asko landutako metodologia. Baina, sarri, ez dago erotu beharrik taldeari bere onena ateratzeko. Egiten dena ondo egitea nahikoa da. Hortaz, errespetu handiz egingo dio aurre Sporting Lisboari Athleticek. «Abantaila eurek dute. Joanekoan irabazi egin zuten. Gol bateko aldea izateaz gain, emaitza horrek euren jokatzeko erari ematen diona dago kontuan hartu beharra. Jokalari indartsuak eta azkarrak dira, eta kontraerasoan jokatzea dute gustuko. Beraz, erne egon beharko gara. Gola azkar sartzea komeni zaigu,eurei aurrera egitera derrigortzeko. Horrela irekiagoa izango zen neurketa», esan zuen Iraolak.

Aukerak sartu beharra

Sportingen jokoa ona da, baina ez dauka aparteko sekreturik. Athleticen jokatzeko era, berriz, askoz landuagoa da. Aberatsagoa. Baina egin beharrekoa ondo egin ezean ezin izango du Sporting Lisboa kanporatu. Azken jardunaldietan falta izan duen freskotasuna agertu beharko du gustuko duen joko dinamikoa egin ahal izateko. Horrez gain, eraginkortasunak berebiziko garrantzia izango du. Athleticek aukera asko sortzen ditu, baina gutxi asmatzen ditu. Ondorioz, erakusten duen nagusitasuna ez da emaitzan islatzen. Gaur ezin du barkatu. Asmatu egin behar du. Eta, gainera, defentsako lana ere ondo egin beharko da. Opariak egitea debekatuta dago. Athleticek hori guztia behar den moduan eginez gero, ez du beste ezeren beharrik izango aurrera egiteko. Baina zer gertatuko da hasierako planak huts egiten badu? Ba al dauka Bielsak ohiko jokatzeko era ordezkatuko duen beste aukerarik? Tranpa duten galderak dira. «Guk plan bakarra daukagu: golik ez hartzeko defendatzen dugu eta golak sartzeko erasotzen dugu», esan zuen Bielsak. Esaldi horrek futbolean egin behar den guztia laburbiltzen du. Bide batez, emaitzaren araberako analisiak egiten dituztenak izan zituen gogoan. «Beti ez du onenak irabazten, baina garaipenak lortzeko biderik zuzenena aurkaria baino hobea izatea da».

Oscar de Marcos ez da ariko, zigortuta baitago. Marat Izmailov Sporting Lisboakoa ere ez da ariko arrazoi beragatik. Bien falta sumatuko dute euren taldeek. De Marcosek ez dauka bere lana bera egin dezakeen ordezkorik. Hala, Iker Muniain jarriko du Bielsak bere lekuan eta Ibai Gomezek hartuko du nafarraren lekua taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.