Munduko Txapelketako iraupeneko lasterketan indarrez hasi zen Joane Somarriba. Bederatzigarren itzulian, ordea, bere txirrinduko pinoietako kablea eten eta bizikleta aldatzen zioten bitartean urrea erdiesteko aukera guztiak galdu zituen.
Lehen itzulitik lasterketa oso bizia eta astindua izan zen. Eneritz Iturriagaetxebarriak laguntza paregabea eman zion Somarribari. Abadiñokoa bere liderraren alboan izan zen lasterketa guztian proba atzenerarte nahi bezala izateko. Azken txanpan, Somarribaren garaia iritsita, azkenaurreko itzulian pinoietako kablea eten zitzaion bizkaitarrari. Eskura ez zen berak erabiltzeko moduko bizikletarik eta denbora asko galdu zuen, gehiegi urrea lortzekotan. Bere mekaniko lanetan zebiltzanek esandakoaren arabera, «antolatzaileek ez zuten behar zen materiala behar zen garaian eman».
Somarriba atzean geratuta, urrea lortzeko faborito bat gutxiago zen aurrekoekin. Gutxira egin zuen ihes Jeannie Longo berrogeita bost urteko frantziarrak. Itzuli baten faltan pixkanaka aldea hartuz joan zen Longo. Zirkuituko azken itzulia zela adierazten zuen kanpaia entzunda, Somarribak minutu bat galdua zuen, jada.
Bazirudien Jeannie Longok lortu zezakeela urrezko domina. Azken 500 metrotan sartuta harrapatu zuten Frantziakoa Ljungskog, Pucinskaite, Melchers eta Cookek. Jeannie Longok, hala ere, 45 urte izanda ere sasoi betean dagoela erakutsi zuen atzokoan.
Esprinean erabaki zen urrezko dominaren jabea. Mirjam Melchers holandarra eta Susanne Ljungskog suediarraren artean izan zen lehia, suediarrak lortu zuen bigarrenez segidan urrezko domina Munduko Txapelketan. Melchersek zilarra lortu zuen. Brontzezko dominarako ere lehia bizia izan zen Cooke eta Pucinskaiteren artean. Cooke galesak erdietsi zuen, gutxigatik bada ere, brontzea.
Somarribak ez zuen azkenerarte aurrekoekin lehian aritzerik izan, baina, erlojupekoan lortutako urrezko dominarekin lasai lo egin dezake.
MUNDUKO TXIRRINDULARITZA TXAPELKETA
Bizikletak kale, Joanek ezin
Susanne Ljungskog suediarrak lortu zuen urrea bigarrengoz jarraian; 45 urteko Jeannie Longok oso gertu izan zuen domina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu