Arrauna

Bizkaiko arrauna: gorenera heltzeko lanean

Arraunlariak bai, baina Bizkaiko talderik ez dago Euskotren ligan. Jone Oliban Deustuko entrenatzaile eta arraunlariak azaldu du zenbaitek Gipuzkoako taldeetara joateko joera dutela gorenerako urratsa egiteko.

Deustuko trainerua. IÑAKI SUAREZ
Deustuko trainerua ETE ligako estropada batean. IÑAKI SUAREZ
2026ko abuztuaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskotren ligak hartu zuen bidearen ondorioz, Bizkaiko emakumezko arraunlariek Gipuzkoako taldeetara joateko ohitura dute». Hala esan du Jone Oliban Deustu arraun taldeko entrenatzaile eta arraunlariak (Lemoiz, Bizkaia, 1992). Gaur egun, ETE ligan parte hartzen duten zortzi taldeetatik bost Bizkaikoak dira: Deustu, Isuntza, Portugalete, Kaiku eta Ondarroa. Euskotren ligan, ordea, arraunlariak badaude, baina talderik ez: «Gazteei erakutsi zaie gora heltzeko Gipuzkoako traineruetara joan behar dutela», azaldu du Olibanek.

Talde bakoitzak bere egoera berezia du. Horren harira, Olibanek kontatu du taldeek gora egiteko duten ontzien kopuruak garrantzia duela: «Talde batzuk oraintxe uretaratu dira aspaldiko partez. Deustuk, baina, hamahiru ontzi dauzka guztira, eta hori garrantzitsua da luzaroan taldea mantentzeko». Euskotren ligak hasieran hartu zuen joerari buelta emateko zailtasunez ere hitz egin du Deustuko arraunlariak: «Bizkaiko traineru sendo bat manten zitekeela esan genuen bere garaian, baina berehala hasi ziren Gipuzkoakoak indarra hartzen, eta horri buelta ematea zaila da».

Zumaian ari da arraunean Naroa Garamendi (Lekeitio, Bizkaia, 2000). Azken lau denboraldietan Euskotren ligan egin du arraun: Donostiarran aritu zen hiru urtez, eta aurten Zumaian ari da. Aurretik, Bizkaian aritu zen, Ondarroan. Hark, Olibanek bezala, esplikatu du arraunlariek Gipuzkoarako bidea hartzeko ohitura dutela: «Pena da Bizkaiko ordezkaritzarik ez egotea Euskotren ligan. Espero dut hemendik urte batzuetara joera hori aldatzea».

Hala ere, azpimarratu du Bizkaiko harrobia «indartsu» dagoela: «Gipuzkoakoa baino hobeto ikusten dut Bizkaiko harrobia. Adibidez, Bizkaiko batelen ligan, talde gehiago daude Gipuzkoan baino. Horrek harrobiak indartzen laguntzen du». Garamendik gaineratu du taldeek proiektu sendoa izanda errazagoa dela arraunlariek «konpromisoa» hartzea. Konpromiso horren barruan, ordea, talde bakoitzak «bere testuingurua» duela azaldu du: «Batzuen helburua trainerua uretara irtetea besterik ez da; beste batzuek, berriz, kanporaketak jokatzea dute xede».

Genero ikuspegitik zer hobetu ere ikusten du Zumaiako arraunlariak: «Emakumezkoen taldeetako entrenatzaile gehienak gizonezkoak dira. Askok ez dute esperientziarik emakumeokin lan egiten, eta ez dira une bakoitzean ditugun beharretara egokitzen». Iritzi bera du prestakuntza fisikoaz: «Prestatzaile fisikoak, askotan, klubean urte asko egindakoak dira. Ondorioz, entrenamendu asko ez dira emakumeon ezaugarrietara egokitzen. Gorputzak ezberdinak dira, eta ezinbestean entrenamenduak egokitu beharra dago».

«Osasuntsu dago Bizkaiko arrauna. Jende asko ari da lanean, gogotsu. Anbizioa edukitzea ezinbestekoa da, baina luzerako proiektu bat egin nahi bada, zuhurtziaz jokatu behar dugu»

JONE OLIBAN Deustuko entrenatzailea eta arraunlaria

Arraun taldeentzat funtsezkoa da harrobia lantzea. Bertan hobetzen dituzte euren gaitasunak, eta, horrekin batera, hor egiten dira arraunlari. Garamendik esan duenarekin ados dago Oliban, baina zehaztu du talde guztien egoera ez dela bera: «Batzuek lanak dituzte trainerua uretara ateratzeko, eta beste batzuek, berriz, harrobi handia dute». Horrekin batera, lanean jarraitu behar dutela aipatu du. 

Bada etorkizuna

Euskotren ligan ez da Bizkaiko talderik izan azken hamabost urteetan. Azkena Bizkaiko selekzioa izan zen, 2011n. Ordutik, Deustuk eta Kaikuk kanporaketak jokatu dituzte, baina ez dira sekula igo. Hala ere, Deustuko arraunlaria baikor da etorkizunari begira: «Lehenago edo geroago, Bizkaiko talde bat ariko da Euskotren ligan». Izan ere, Olibanen eta Garamendiren ustez, Bizkaiko arraunak badu etorkizuna: «Osasuntsu dago Bizkaiko arrauna. Jende asko ari da lanean, gogotsu. Anbizioa edukitzea ezinbestekoa da, baina luzerako proiektu bat egin nahi bada, zuhurtziaz jokatu behar dugu», azpimarratu du Olibanek.

«Herrien arteko batasuna» ere funtsezkoa dela adierazi du: «Sareak sortzea funtsezkoa da. Herri bateko klubak proiektu indartsua badu, inguruko herrietako arraunlariak bertan aritzera bultzatu behar dira». Ados dago Garamendi, baina, era berean, balioa ematen dio trainerua herriko jendeaz osatzeari. Isuntzako trainerua jarri du adibidetzat: «Arraunlari gehienak herrikoak dira, eta hori pozgarria da. Hara heldu diren gainerakoak inguruko herrietakoak dira, eta iruditzen zait berandu baino lehen haien herrietan ere aterako dutela trainerua». Lekeitioko ontzian, Erandioko, Elantxobeko, Bilboko eta Santurtziko arraunlariak ere badaude. Haietatik, Bilbon baino ez dute trainerua uretan. Garamendik, nolanahi ere, badu esperantza Elantxobek  «laster» uretaratuko duela trainerua.

«Traineruari garrantzi handiagoa ematen bazaio, aukerak izango dira talderen bat goi mailan egoteko. Bizkaiko traineru batean Euskotren ligan aritzea da nire ametsa»

NAROA GARAMENDI Zumaiako arraunlaria

Arreta etxeko jendearengan jarri arren, proiektuak sendotzeko fitxaketen garrantziaz ere hitz egin du Garamendik: «Kanpotik bi fitxaketa eginez gero, taldeek jauzia egin dezakete. Gutxinaka gora egitea da gakoa». Traineruaren jardunak duen garrantzia nabarmendu du: «Traineruari garrantzi handiagoa ematen bazaio, aukerak izango dira talderen bat goi mailan egoteko. Bizkaiko traineru batean Euskotren ligan aritzea da nire ametsa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA