Bizkor, oso bizkor eta bizkorregi

Berasaluze IX.ak sake bortitzari esker kanporatu du Arretxe lau t'erdikotik, partida kaskar batean

IMANOL MAGRO TOLOSA
2007ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Sakatzaile onena da, eta badaki. Lau t'erdian, motzean, min ikaragarria egiten du. Jokoz, ezkerrez, eskasago dabil, baina badaki hori ere. Bakoitzaren bertute eta gabeziak ezagutzea garrantzitsua da kirolean. Asier Berasaluzeren kasua da, eta horri esker irabazi zuen atzo Tolosan. Arretxek baino hobeto zekien zein zen garaipenerako bidea, eta tinko eutsi zion partida osoan. Bizkor jokatu behar zuen, oso bizkor, eta hala irabazi zuen, hiru eta bost pilotakadako tantoei esker. Berrizko gazteak Imanol Agirre izango du aurkari bi aste barru.

Atzo Tolosan baturiko zale guztiek bazekiten sakeak berebiziko garrantzia izango zuela. Baita artekariek ere, ez baitziren oihuka hasi txapa airera bota arte. Txapa urdin jausi zen, eta Berasaluzeren alde hasi ziren oihu egiten: 100-80ri. Bizkaitarrak hasieran ez zuen ondo baliatu, lehen tantoa egin ostean bigarren sakearekin bere burua jo baitzuen pilotarekin frontisetik bueltan.Arretxeren huts batek, baina, bueltatu egin zion sakea (2-2). Berasaluzekaskoz hobeto baliatu zuen orduan, eta hamar tanto egin zituen jarraian.Sei saketiklortu zituen eta beste hiru sake errestoan. Bizkor, oso bizkor (2-12).

Arretxeri asko kosta zitzaion partidan sartzea. Errestatzen hasi zenean tartea murriztu zuen (5-13), baina jokoarekin asmatu gabe jarraitzen zuen. Berari tantoa luzatzea komeni zitzaion, baina ez zuen lortu. Lortu baino ez zuen bilatu. Presaka jokatu zuen, bizkorregi, aurkariari komeni zitzaion erritmoan. Aldea txiki tu zuen, baina zuloa handiegia zen oraindik (8-14).

Arretxek saketik eta sake-errematean beste tanto bana jaso behar izan zuen nola jokatu behar zuen aurkitzeko (8-16). Sakea bere egin eta piloteoa mamitzen hasi zen. Berasaluze gehiegi behartu gabe. Tantoa luzatu eta aurkariaren hutsa itxaron, besterik ez. Luzaidekoak zortzi tanto egin zituen jarraian (16-16). Lau kontrarioaren hutsak izan ziren, eta beste bi saketik egin zituen. Behetik gora egin zuen, zailena, eta bazirudien partidari buelta emango ziola.

Jarraian eginiko bina hutsek -Berasaluzeren bigarrena saketik eginiko falta izan zen- emozio gehiago jarri zioten partidari (18-18). Arretxe gehiago zela zirudien, baina Berasaluzek hasierako jokoa berreskuratu zuen. Oso bizkor jokatzen hasi zen berriz. Bi sake eta bost pilotakadako tanto bat (18-21). Azken tantoa luzeagoa izan zen, baina orduan ere berak egin zuen tantoa. Ezkerrez gozo utzi zuen txapa gainean.



BARRIOLA ETA GOñI, MINEZ. Abel Barriolak eta Mikel Goñik arazo fisiko txikiak dituzte eta gaur ez dute jokatuko Agurainen. Barriolak erresonantzia magnetikoa egin zuen atzo izterrean, eta uzkurdura baino ez du. Hiru eguneko atsedenaldia agindu diote. Mikel Goñik, berriz, ezker eskuan du min. Herenegun Esaini erraz irabazi zion arren (22-6), ez arriskatzea nahiago izan du. Oronozkoa txapa txikiekin ari da jokatzen.



Arretxe II.a 18

Berasaluze IX.a 22

Iraupena. 47 minutu.

Pilotakadak. 194

Saketik. Arretxek 3; Berasaluzek 9 eta bi falta.

Markagailua. 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 2-12, 5-12, 5-13, 8-13, 8-16, 16-16, 16-17, 17-17, 18-17, 18-18 eta 18-22.

Bestelakoak. Sarrera erdia Tolosako Beotibar pilotalekuan. Apustuak 100-80ri irten ziren Berasaluzeren alde.

Berasaluze IX.ak sake bortitzari esker kanporatu du Arretxe lau t'erdikotik, partida kaskar batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.