Bolada txarra eten nahi dute biek

Almeriak ez du partidarik irabazi etxean, eta Osasunak ez du partidarik irabazi etxetik kanpo

2007ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Almeriak eta Osasunak gaur jokatuko duten partida berdinduta amaitzen bada, bi taldeek bolada txarrean jarraituko dute. Ez sailkapenaren zuloan izango direlako, baizik eta Almeriak etxean ezin irabazita jarraituko duelako eta Osasunak etxetik at partidarik irabazi ezinda jarraituko duelako. Bi taldeen helburua ez da berdintzea, ordea. Batak zein besteak etxean ala etxetik at duten bolada txarra amaitu nahiko dute, eta horretarako irabaztera derrigortuta daude. Sailkapenean zortzina puntu dituzte. Gorritxoek zazpi puntu etxean lortu dituzte, eta bat kanpoan. Almeriak, berriz, etxean puntu bakarra lortu du, eta zazpi etxetik kanpo. Emaitzek baino gehiago, jokoak eman die lasaitasuna bi taldeei liga hasiera honetan. Hori gaur has daiteke aldatzen, ordea.

«Zenbat eta denbora gehiago egin irabazi gabe, orduan eta gertuago izaten da garaipena; ea guk hausten dugun bolada haien ordez. Halere, ez naiz horretan pentsatzen ari. Ondo jokatzea eta partida osoan ondo aritzea da nire nahia», adierazi zuen atzo Jose Angel Ziganda Osasunako entrenatzaileak Taxoaren. Gero, Almeriarentzat hitz onak ere izan zituen Larraintzarko entrenatzaileak: «Almeriaren gauzarik garrantzitsuena da bolada gozoan dagoela, iragan sasoitik irauten die baikortasunak, eta Lehen Mailan egoteaz gain, ondo baino hobeto ari dira. Lehen Mailan egoteaz gozatzen ari dira.Taldeari etekin ezin hobea ateratzen dakien entrenatzaile bat ere badute, eta gure errespetu guztia merezi du Almeriak».

Eta noski, Unai Emeryk ere, Almeriako entrenatzaileak, laudorioak izan zituen Osasunarentzat: «Osasuna talde zaila, gogorra eta deserosoa da. Orain arteko bideari jarraitu behar diogu, bide onetik goazela uste dut, baina horretarako etxean emaitza hobeak lortzea derrigorrezkoa dugu, dena dela. Osasuna etxetik kanpo ez dabil bolada onean emaitza aldetik, baina erasoko jendea izan ezik iragan sasoiko taldeari eusten dio Osasunak, eta Zigandaren eskutik etxetik kanpo emaitza bikainak lortu zituen Osasunak. Guk etxean egin nahi duguna etxetik kanpo egin nahiko dute haiek, eta ez dira emaitza aldetik bolada onenean izango, baina errespetatu egin behar ditugu gorritxoak», adierazi zuen entrenatzaile hondarribiarrak.



ZELAIA ESTREINATUKO DUTE. Almeriak etxean jokatutako lehendabiziko partidetan, negargarri egon da Mediterranear Jokoetarako eraikitako estadioko berdegunea. Azkenean, aste honetan zelaia erabat aldatzea erabaki zuten Almeriako zuzendariek, eta Unai Emeryren taldeak herenegun zapaldu zuen lehendabiziko aldiz belar berria. Baloia askoz errazago mugitzen zelako pozik azaldu ziren Almeriako jokalari gehienak entrenamenduaren amaieran, baina ikusteko dago gorritxoen eta espainiarren arteko neurketan nola eutsiko dioten txertatu berri dituzten zelai zatiek.

Kontuak kontu, azken hamaika denboraldietan zapaldu ez duen hiri batera itzuliko da gaur Osasuna. Orain 11 urte Bigarren Mailan ziren bi taldeak. Gorritxoek Almerian jokatu zuten azken aldian Rafa Benitez zen Osasunako entrenatzailea, eta 0-3 nagusitu ziren nafarrak, Asierrek, Ganek eta Josemik egindako gol banari esker. 1996-1997 denboraldiko hirugarren jardunaldia zen, eta egun Liverpool zuzentzen duen entrenatzaile espainiar ezagunak beste sei partida besterik ez zituen egin gorritxoen aulkian. Gero kargutik kendu zuten.

Lehen Mailan behin bakarrik neurtu ditu indarrak Osasunak Almeriaren kontra -nahiz eta orduko Almeria ez den zehatz-mehatz egungo kluba-, 1980-1981 denboraldian. Almerian jokatutako norgehiagoka bana berdinduta amaitu zen.

Gaurko partidan bi berritasun nagusi izango ditu Osasunaren hamaikakoak. Ricardo atezaina eta Josetxo erdiko atzelaria zigortuta daude, eta Juantxo Elia atezaina eta Cesar Krutxaga ariko dira haien ordez hasieratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.