Duela hamalau hilabete lortu zuen Osasunak azken aldiz Ligako lau partida jarraian irabaztea, Espanyol, Xerez, Vila-real eta Tenerife mendean hartuta. Jose Antonio Camachoren hiru denboraldietan behin bakarrik lortu zuten lau partida jarraian irabaztea gorritxoek. Gaur gauean Nafarroako Erresuman Atletico Madril menderatzea lortzen badute, Jose Luis Mendilibarrekin ere lortuko dute, Malaga, Racing eta Herculesen aurka irabazi ondoren laugarren partida jarraian irabazteko aukera baitute gaur gorritxoek. Iragan asteburuko atsedenak bolada ona ez etetea da asmoa. Konfiantzaz gainezka daude nafarrak, eta bolada onari eusteko, Atletico Madril menderatzea da helburua orain.
«Azken hiru partidak irabazi egin ditugu, eta ez dugu hor geratu nahi. Atletico Madril talde ona da eta jokalari bikainak dituztela badakigu, baina gu ere ondo gaude orain, irabazteaz gain ondo jokatzea lortu dugu azken boladan, Herculesen zelaian 0-4 irabaztetik gatoz, eta orain etxean bolada ona luzatzea da asmoa. Aguerorena hutsunea garrantzitsua da Atletico Madrilentzat, baina Forlan, Reyes, Juanfran eta Diego Costa ere jokalari bikainak dira eta ez dute haren falta sumatuko. Gehienbat atzean sufritzen du Atletico Madrilek, defentsa lanean, baina partida txarra jokatu arren Forlan bezalako jokalariek edozein unetan egin dezakete», adierazi zuen atzo Jose Luis Mendilibarrek gaurko partidaren inguruan.
Pandiani, deialditik kanpo
Historiari, aurrekontuari eta izenari erreparatuz gero Atletico Madril da faboritoa, baina Quique Sanchez Floresek zuzendu taldea oso talde irregularra da, batik bat etxetik kanpo, eta ez du beldurrik eragiten. Are gutxiago taldeko izar nagusia falta dutenean: txartel pilaketaren ondorioz, Sergio Kun Aguero argentinarrak ezingo du jokatu. Forlan, Reyes edota Juanfran gorritxo ohia ez dira makalak erasoko jokoan, dena dela. Konfiantza izatea ona da, baina partida erraz irabaziko dutenik ezin dute sinetsi nafarrek. Walter Pandiani deialditik at utzi zuen Mendilibarrek atzo ostiralean senda-agiria jaso arren. Ez dira aldaketa askorik espero Osasunaren hamaikakoan eta Kike Sola izango da hautatua erdiko aurrelari posturako.
Boladari eustera
Malagari, Racingi eta Herculesi irabazi ostean, Atletico Madril menderatu eta jarraian lau partida irabaztea da Osasunaren helburuaEtxean irabaziz gero, gaurko aurkaria puntu bakarrera izango dute gorritxoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu