Bost taldek ligaxkaren langa gaindi dezakete gaur Txapeldunen Ligan

Final-zortzirenetarako sailka daitezke gaur Erroma, Spartak edo Marseilla, Milan, Arsenal eta Xaktar

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bayern Munichek, Chelseak eta Real Madrilek egin dituzte jada etxeko lanak, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkatuta. Gaur, beste bost talde gehitu dakizkieke: Erroma, Spartak Mosku edo Olympique Marseilla, Milan, Arsenal eta Xaktar Donetsk.

E multzoan, Erromak Bayern Munich hartuko du gaur. Irabazten badu, eta beste partidan Basileak eta Clujek Suitzan berdintzen badute, italiarrak final-zortzirenetan izango dira. Bayern Munichek, halere, badu zerbait jokoan, puntu bat behar baitu multzoko lehen postua ziurtatzeko.

F multzoan, Chelsea sailkatuta dago jada, eta Spartak Moskuren eta Olympique Marseillaren artean banatuko da beste postua. Errusiarrek eta frantziarrek Moskun jokatuko dute gaur. Etxeko taldeak irabaziz gero, final-zortzirenetan legoke. Bisitariek ere irabazi beharra dute gaur bertan sailkatzeko, baina gutxienez bi goleko aldeaz irabazi beharko lukete -Spartak-ek 0-1 irabazi zuen Marseillan-. Berdinketak ez luke ezer argituko. Multzoko beste norgehiagokan, Chelseak nahikoa du etxean Zilinarekin berdintzea lehen postua ziurtatzeko.

G multzoan are handiagoa da lehia. Real Madril sailkatuta dago jada, baina Milanek, Ajaxek eta Auxerrek dute aukera oraindik final-zortzirenetan aritzeko. Halere, italiarrak dira gaur helburua lor dezaketen bakarrak. Horretarako, Auxerren irabazi beharra dute, eta Ajaxek etxean Real Madrilen aurka, galdu. Espainiako taldeak badu oraindik zerbait jokoan, puntu bat behar baitu lehena izateko.

D multzoan, berriz, inor ez dago oraindik sailkatuta. Arsenal, Braga eta Xaktar Donetsk ari dira lehian bi postu lortzeko. Ingelesek eta ukrainarrek aukera handiak dituzte, hiru punturen aldea baitute Bragarekiko. Arsenalek Portugalen jokatuko du gaur, eta nahikoa du berdintzea. Portugaldarrek, berriz, derrigor lortu behar dute garaipena aurrera egiteko aukerari eutsi ahal izateko. Xaktar, azkenik, Belgraden ariko da. Irabazten badu, eta Bragak beste horrenbeste egiten ez badu, sailkatuta egongo litzateke. Berdinduz gero, berriz, portugaldarrek galtzea beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.