Italiako Giroa

Bouwmanek ihesean irabazi du Giroko zazpigarren etapa

Herbeheretarra esprintean gailendu zaie Mollema eta Formolori. Faboritoak ez dira mugitu, eta Lopezek jarraitzen du lider

Tom Dumoulin eta Koen Bouwman, garaipena ospatzen. GIRO DE ITALIA
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 13a
18:27
Entzun

Diamante eta Potenza artean, indarra erakutsi eta harribitxiaren pareko saria lortu du gaur Koen Bowmanek (Jumbo Visma), Italiako Giroko zazpigarren etapan. Aurrenekoz irabazi du itzuli handi batean, eta gainera, mendiko maillotaren jabe bilakatu da. Ihes egin du tropeletik, beste sei txirrindularirekin batera, eta jaun eta jabe izan da bukaerako estutuan, Bauke Mollema (Trek) eta Davide Formoloren (UAE) aurretik. Laugarren Tom Dumoulin (Jumbo Visma) sartu da, azken txanpan Bouwmanentzat bideratzaile lana egin ondotik. Onenak elkarrekin helmugaratu dira, hiru minutu geroago. Juanpe Lopezek (Trek) ez du izan lidertzari eusteko arazorik.

Saio menditsua izan da, baina hautagaiek indarrak gordetzeko hautua egin dute, etzi Blockhausen amaituko den etapa gogorrari begira. Kontrara, sekulako lehia izan da ihesaldia osatzeko. Ehiztariak jo eta ke aritu dira ordu eta erdiz, harik eta zazpi lagunek aurrera egin duten arte Monte Sirinon, eguneko lehen mendatean. Wout Poels (Bahrain) ezinak jo du Monte Grande di Viggianon, etapako igoerarik gogorrenean, eta geroago, moztuta gelditu dira Diego Camargo (Education First) eta Davide Vilella (Cofidis).

Lau ziklistaren artean jokatu dute, beraz, garaipena, eta bi Jumbo Visma taldekoak ziren: Dumoulin eta Bouwman. Lehena La Sellatan, azken mendatean saiatu da ihesaldia apurtzen, eta sufriarazi egin du taldekidea. Haatik, Bouwmanek lortu du lasterketa burura itzultzea, eta azken kilometroetan, tinko eutsi die Mollemak eta Formolok egindako eraso ugariei. Dumoulinek esprinta bideratu dio, eta ez du hutsik egin errematean. Mendiko sailkapenean, berriz, aurrea hartu dio Lennard Kamnari (Bora). Hautagaien multzoan iritsi dira Mikel Landa eta Pello Bilbao (Baharain), 16. eta 19. postuan, hurrenez hurren.

Biharko etapa ere ihesaldian erabaki liteke. Napolin izango du irteera nahiz helmuga, eta tartean, muinoz jositako zirkuituan ariko dira txirrindulariak. Litekeena da onenek berriz ere onena ez ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.