Alaves 5-2 Osasuna

Boyek Osasunaren itxaropen guztiak zapuztu ditu

Alavesek 5-2 irabazi dio Osasunari. Lehen zatian 2-0 aurreratu da, eta, bigarren zatia hasi bezain pronto Budimirrek tartea txikitu duen arren, Gasteizko taldea izan da nagusi. Boyek hiru gol sartu ditu.

Lucas Boye gol bat ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. Atzean haren taldekideak, ikusitakoa ezin sinetsi. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Lucas Boye gol bat ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. Atzean haren taldekideak, ikusitakoa ezin sinetsi. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko irailaren 6a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur Mendizorrotzan elkartu diren futbolzaleak ez dira aspertu. Ikuskizun ederra eman dute Alavesek eta Osasunak, baina etxeko taldeak oso fin hasi du sasoia, eta garaipen handia lortu (5-2). Lucas Boye izan da partidako izarra: hiru gol sartu ditu aurrelari argentinarrak, lehen biak ikusgarriak, area kanpotik, eta, azkena, berriz, buruz.

Osasunak hobeto ekin dio neurketari. Hirugarren minuturako, Budimirrek eskularruak zikintzera behartu du Sivera, eta hamaseigarrenean ere buruz ahalegindu da aurrelari kroaziarra. Gainontzean, zelai erdian hiltzen ari ziren jokaldi gehienak; Alavesek ez du arrisku handirik sortu, harik eta jokaldi solte batean Boyek baloia sarera bidali duen arte. Marianok duelua irabazi du buruz, Boyeri heldu zaio baloia, eta aurrelariak bitan pentsatu gabe jo du, area kanpotik.

Antzeko jarraitu du lehiak, Marianok Catenaren huts handi bat baliatu duen arte. Siverak luze ateratako baloi bat ez du aldendu atzelariak, eta Mariano bakar-bakarrik geratu da Sergio Herreraren aurrean. Area ertzetik, barrura, eta 2-0 atsedenaldira.

Alaveseko eta Osasunako zaleak, gaur, Medizorrotzako harmailetan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alavesen eta Osasunaren zaleak, gaur, Mendizorrotzeko harmailetan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Osasunak azkar lortu du nahi zuena atsedenaldiaren ondoren: bigarren zatia abiatu denean, baloia aurrera jaurti, eta Budimirrek sarera bidali du Moi Gomezen erdiraketa bat, buruz, hogeigarren segundoa bete aurretik. 

Boyek, ordea, ez dio tarterik utzi nafarren itxaropenari. 51. minutuan, areatik urrun beste baloi solte bat jaso, eta sekulako kolpea eman dio. Zutoinaren alboan jarri du baloia, Herrerarengandik urruti. Ikusgarria izan da gola, eta haren parekoa Mendizorrotzeko zaleen eromena.

64. minutuan, Budimirrek bere bigarren gola sartu du, berari egin dioten penalti bat baliatuta. Boyek, baina, bost minutu behar izan ditu berriro agertzeko: buruz, 4-2koa sartu eta hiru puntuak Alavesek eskuratzea ziurtatu du. Hortxe amaitu da lehia. Osasunak ahaleginak egin ditu, baina, Boyek halako erakustaldia eginda, amore eman behar izan du. Pablo Ibañezek 90. minutuan biribildu du festa, Angel Perezen erdiraketa bat sarera bidalita.

Alaves ikusgarri ari da liga hasi zenez geroztik, eta hala erakusten du sailkapenak: Gasteizko taldea bigarren da, hamar puntu bilduta. Osasuna, berriz, zazpigarren, zazpi punturekin.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA