Munduko Kopa

Alemania eta Herbehereak kanporatu egin dituzte, eta Brasil azken orduan sailkatu da

Carlo Ancelottik zuzentzen duen selekzioak 2-1 hartu du mendean Japonia, Martinellik azken orduan gola sartuta. Hala Alemania nola Herbehereak penaltietan geratu dira kanpoan.

Gabriel Martinelli, azken orduan sartu duen gola ospatzen, gaur, Houstonen. SAM WASSON / EFE
Gabriel Martinelli azken orduan sartu duen gola ospatzen, gaur, Houstonen. SAM WASSON / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 29a
21:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen ezusteak izan dira Munduko Kopako final-hamaseirenetan. Handiena: Paraguaik kanpoan utzi duela Alemania. Penaltietan izan da. Canalek sartu du jaurtiketa erabakigarria. Herbehereak ere penaltietan geratu da txapelketatik at, Marokoren kontra. Ronald Koemanek zuzentzen duen selekzioak hiru penalti huts egin ditu; horietako bat Bono atezainak geratu du. Saibarik sartu du, berriz, marokoarrei sailkapena eman dien penaltia. Brasilek, berriz, azken orduan lortu du sailkatzea, Japoniari 2-1 irabazita. Izan ere, Martinellik partida amaitzear zela sartu du gol erabakigarria, 96. minutuan. Baina, aldi berean, Carlo Ancellotik zuzentzen duen selekzioak merezita irabazi du, bigarren zatian nagusi izan baita, eta markagailua iraultzea lortu baitu. Japonia arantza atera ezinik dabil oraindik, sekula ez baitu lortu Munduko Kopa batean kanporaketarik gainditzea.

BRASIL 2-1 JAPONIA

Hasieran brasildarrek izan dute jokoaren ekimena, eta baloiaren jabe izan dira. Alderik alde mugitu dute, Japoniaren atzealdean zuloren bat topatu nahian. Asiako selekzio horri, berriz, kostatu egin zaio aurkariaren zelaira igarotzea. Baina defentsan lan ona egin du. Lehen aukera argia brasildarrek izan dute, 14. minutuan. Cunhak bizkarrez jaso du baloia area ertzean, bizkor eman du buelta, eta jaurti egin du; baina Japoniako atezainak, Suzukik, ondo aldendu du. Segidan, Guimaraesek gutxigatik bidali du errematea kanpora. 

Defentsan aritu denean, Japoniak bost jokalariren bi lerro kokatu ditu ia-ia. Brasilek bazekien pazientzia izan behar zuela, eta batez ere hegaletik saiatu behar zuela min egiten, Ryanekin eta Viniciusekin. Erditik ezin zen sartu. Gainera, minutuak aurrera egin ahala, argitasuna galduz joan da baloia ateratzean. Izan ere, Hajime Moriyasu buru duen selekzioak apur bat gorago egin du presioa. 

Ura edateko atsedenaren ostean japoniarrek lehen aukera izan dute, baina Uedak kanpora bidali du baloia, buruz. Lehen abisua izan da hori. Hurrengoan Sanok ez du huts egin. Danilo ez da fin aritu baloia ateratzeko orduan, Sanok berreskuratu egin du, eta indartsu eta bizi egin du aurrera. Bitan pentsatu gabe area ertzetik errematea egin, eta sareetara bidali du baloia (29. min). Plana bikain atera zaie japoniarrei. 

Azken ordu laurdenean gauzak ez dira asko aldatu, nahiz eta Japoniak gehixeago izan duen baloia; hori bai, aukera argirik sortu gabe. Brasilek, bestalde, huts bat baino gehiago egin du atzetik baloia ateratzean. 

Bigarren zatiari begira, Brasilek zerbait aldatu beharra zuen. Hala, zuzenago eta biziago jokatzeko asmoz, Carlo Ancelotti hautatzaileak Paqueta kendu du, eta Endrick zelairatu. Paqueta, gainera, min hartuta joan da aldageletara. Lehen zatian gertatu bezala, Brasilek aginduz ekin dio bigarrenari ere. Hala, bi abagune argi izan ditu neurketa berdintzeko. Aurrena Suzukik bikain atera du Guimaraesek buruz egin duen erremate bat. Segidan, Casemirok egin du errematea, eta Tomiyasuk atera du baloia golaren arrastoan, 52. minutuan.

Minutu horietan Brasilek erdiraketen bidez egin du min. Hala iritsi da gola, 56. minutuan. Casemirok asmatu egin du oraingoan, eta bigarren zutoinetik sareetara bidali du baloia, buruz. Bikaina izan da Magalhaesen erdiraketa. Partidako minuturik bizienak izan dira horiek. Kontraerasoan jokatzen eroso ibili da Brasil, eta aurretik jartzear egon da. Viniciusek buruz buruko jokaldi bikaina egin du hegaletik, baina, haren errematea Suzukik ukitu, eta baloiak zutoina jo du. 

Japonia ez da kikildu, eta pare bat kontraerasoren bidez iritsi da Alissonen atera. Martinellik ez du aparte izan gola 77. minutuan, baina punpa laster egin duen errematea kanpora joan zaio. Ancelottik zuzendutako jokalariek, ahaleginean jarraituagatik, ez zuten lortzen bigarren gola sartzea. Bazirudien gutxienez luzapena jokatu beharko zutela. Baina ez da hala izan. 96. minutuan Tanakak ez du asmatu baloia ateratzen, Guimaraesi ailegatu zaio, eta ematen zuen jaurti egingo zuela. Baina Martinelliri eman dio pasea, eta hark urratu du bigarrenez Japoniaren atea. Ez da garaipen ikusgarria izan, joko ikusgarririk ez du egin Brasilek, baina final-zortzirenetan da jada. Norvegiaren edo Boli Kostaren kontra neurtu beharko ditu indarrak.

(ID_16233809) FIFA WORLD CUP 2026
Paraguaiko jokalariak sailkapena ospatzen. SHAWN THEW / EFE

 

ALEMANIA 1(3)-1(4) PARAGUAI

Munduko Kopako azken bi aldietan Alemania multzoen fasean geratu zen kanpoan. Oraingoan, kanporaketarako sailkatu da, baina lehenengoan kale egin du, final-hamaseirenetan. Penaltietan galdu du Paraguairen kontra, arauzko denbora eta luzapena bana amaitu eta gero. Lehen zatian Alemaniak izan du partidaren aginte makila, baina ez du aukera argirik sortu Paraguairen atean. Baloia motel mugitu du, eta argitasunik gabe. 

Paraguai eroso ibili da egoera horretan, plan horixe baitzuen partidarako: atzean sendo egon, ahal zuenean aurrera egin eta gol abaguneren bat baliatu. Hori egin du 42. minutuan. Korner baten ostean baloia Galarzari iritsi zaio, eta haren erdiraketa Encisok baliatu du: buruz sartu du gola. 

Bigarrenean, Enciso bera aldea handitzear egon da, baina Neuerrek gorputzarekin gelditu du errematea. 54. minutuan, ordea, Alemaniak lortu du partida berdintzea. Havertzek sartu du gola, Wirtzen egindako erdiraketa baten ostean baloia sareetara bidalita. Kolpea izan da hori Paraguairentzat. Minutuak aurrera joan ahala, Alemaniak gehiago estutu du, baina Julian Nagelsmanek zuzentzen duen selekzioak ez du asmatu aurkariaren ate aurrean. 

Luzapenean partidaren norabidea ez da aldatu, eta Tahk gola sartu du Alemaniarentzat, korner batean. Epaileak, baina, baliorik gabe utzi du, falta bat egon delako. Azkenerako penaltietan ebatzi da partida. Ordura arte, Alemaniak irabaziak zituen modu horretan jokatuak zituen kanporaketa guztiak. Oraingoan ez da ahala izan. 3-4 galdu du.

(ID_16234049) FÚTBOL MUNDIAL 2026
Maroko jokalariak, pozarren, Munduko Kopan aurrera egin dutela eta. MIGUEL SIERRA / EFE

HERBEHEREAK 1(2)-1(3) MAROKO

Penaltietan erabaki da Herbehereak-Maroko kanporaketa ere. Ronald Koemanek zuzentzen duen selekzioak bosteko atzealdearekin jokatu du, eta ez da hain zuzen atera erasora. Maroko, aldiz, bai. Ohikoa duen jokoa egin du. Lehen zatia lehia bizikoa izan da. Bi taldeek ahalegin handia egin dute, eta, jokoa baino gehiago, buruz buruko lehiak izan dira nagusi. Bi selekzioek pare bat aukera izan dituzte aurrea hartzeko, baina ez dute asmatu. 

Bigarren zatian Maroko hobeto irten da, eta Hakimik zutoinera bidali du baloia. Herbehereak atzean sartuta egon da denbora askoan. Baina, azkenean, herbeheretarrek hartu dute aurrea. 72. minutuan izan da. Gapko Bonoren aurrean geratu da aurrez aurre, eta ez du huts egin. 1-0 aurretik egon arren, Herbehereek atzean sartuta eutsi diote, eta Marokori baloia utzi. Azkenerako, ordaindu egin dute jokabide hori, marokoarrek gola sartu baitute 91. minutuan; Diopek hain zuzen, buruz. 

Luzapenean Herbehereak hobeto hasi dira, baina gero Marokok hartu du berriro baloia. Azkenean 1-1 amaitu da luzapena ere. Herbehereek jaurtitako penaltietatik bi baino ez dituzte sartu, eta Marokok hiru. Hala amaitu da partida. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA