Hasi da martxa hartzen 2026ko Munduko Kopa. Bart, New Yorken, txapelketa irabazteko bi faboritoren arteko lehen partida jokatu dute Marokok eta Brasilek, eta bana amaitu dute. Lehen minutuetan hobea izan da Maroko, eta 21. minutuan sartu du gola Ismael Saibarik.
Ikusi gehiago
Hamar minutu geroago berdindu du lehia Vinicius Real Madrileko jokalariak. Marokok eta Brasilek, beraz, hurrengo fasera sailkatzeko faborito izaten jarraitzen dute, printzipioz, multzoko bi talde indartsuenak baitira.
Haiti 0-1 Eskozia

Multzoko beste partidan Eskozia izan da garaile. Haitik, ordea, maila ona erakutsi du, eta eskoziarrek gogotik lan egin behar izan dute hiru puntuak eskuratzeko.
John McGinnek lehen zatian sartutako golak erabaki du norgehiagoka. Horri esker, Eskoziak bideratu du bere helburu nagusia: historian lehen aldiz, lehen fasea gainditzea. Azkenekoz duela 28 urte jokatu zuen Munduko Kopa herrialde horretako selekzioak.
Qatar 1-1 Suitza

Julen Lopetegik gidatutako Qatarrek eman du ezustekoa eguneko lehen partidan. Suitzak 17. minutuan hartu du aurrea Emboloren gol bati esker, eta partida kontrolpean izan du uneoro, baina ez du lortu errenta handitzea, eta garesti ordaindu du.
Qatar sendo aritu da defentsan, eta, azkenean, luzapenean Khoukhik buruz sartu duen golak puntu bat eman dio. B multzoan, aurreko egunean, Kanadak eta Bosniak ere berdindu egin zuten, eta, beraz, edozer gerta daiteke lau talde horien artean.
Australia 2-0 Turkia

Eguneko azken partidan, berriz, sekulako kolpea hartu du Turkiak. D multzoko faborito nagusia zen, baina Australiaren aurkako porrotak zaildu egin dizkio gauzak. Vancouverren (Kanada) jokatu duten lehian Irankundak egin du gola lehen zatian, eta amaiera aldean bigarrena Metcalfek.
Turkiak izan du baloi jabetza, jaurtiketa gehiago egin ditu, baina ez da fin ibili ate aurrean. Multzoan hiru punturekin daude orain AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Australia, eta batere gabe Paraguai eta Turkia.