Futbola Espainiako Lehen Maila

Budimirrek garaipena eman dio Osasunari, Alavesen aurkako derbian

Osasunak mendean hartu du Alaves. Garaipeneko gola Ante Budimirrek sartu du, area kanpoko jaurtiketa batekin.

(ID_13669677) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Zaleen aurrean gola ospatzen, Ante Budimir aurrelaria. JESUS DIGES / EFE
pettan uralde
2024ko martxoaren 4a
23:06
Entzun

Osasunak irabazi egin du Alavesen aurka, Ante Budimirrek sartu duen gol bikaina baliatuta. Joan-etorri ugari izan dira partida osoan zehar, baina Osasunak asmatu du  gola egiten, eta Alavesek ez du erantzuna ematea lortu. Denboraldiko sarrera eskasena izan du Sadarrek, 17.215 ikuslerekin, baina gorritxoen zelaira gerturatu diren zaleak euskal derbi sutsua ikusi dute, gau hotz batean.

Merke dago salbazioa aurtengo Espainiako Lehen Mailan, baina bi taldeen helburu nagusia beste urte batez goi mailan mantentzea da. Alaves 13. postuan zegoen partidaren aurretik, 29 punturekin, jaitsiera postuak 10 puntuko distantziara. Babazorroek Mallorcaren aurkako partidan alde hori handitzeko aukera izan zuten, baina Nastasicek, 88. minutuan, lehia berdindu, eta bi puntu kendu zizkion Luis Garcia Plazaren taldeari. Bestalde, Osasuna 11. postuan zegoen 33 punturekin, jaitsiera postuak 14 puntura, eta nafarrek mailari eusteko helburua ia bideratuta utzi nahi zuten Alavesen aurka, bolada onari eutsiz.

Alaves izan da arriskua eragiten lehen taldea, Sergio Herrera baloia alderatzea behartuz ukabilekin. Handik minutu gutxira ere, Herrerak geldiketa zaila egin du Guridiren burukadara, markagailuan 0-1ekoa jartzeko aukera garrantzitsuan. Hori gutxi balitz bezala, Kike Barjak min hartu du duela bizpahiru denboraldi lotailu gurutzatua hautsi zuen belaun berean, eta, zelaian jarraitzeko ahalegina egin badu ere, azkenean aldaketa eskatu du, eta Moi Gomezek hartu du haren lekua.

Babazorroek ere izan dute ustekabea; izan ere, Abqarrek, zeina denboraldi bikaina egiten ari baita, lurrera bota du bere burua. Budimirrekin izan duen talka batean, aldakan min hartu du marokoarrak, eta Tenaglia sartu da haren lanak egitera.

Alaves hobeto sartu da partidara, baina, indarrak berdindu direnean, Siveraren atearen noranzkoan irauli da zelaia, eta etxeko taldearen momentu onena iritsi da. David Garciak egin du lehen aukera serioa, korner jaurtiketa batean egindako burukada batean. Baloia ezkerreko zutoinaren ondotik pasatu da, Alavesen lasaitasunerako, baina Osasunak ahaleginetan jarraitu du. Oraingoan Aimar Orozek bilatu du urruneko zutoina, baina Siverak eskua atera du, eta erdiraketa bikaina egin.

Hala ere, Alaves eroso sentitzen da aurkariaren menpean, eta kontraerasoan ateratzea gogoko dute Luis Garcia Plazaren jokalariek. Eta modu horretan iritsi da lehen zatiko aukerarik onena. Alavesek baloia aldendu du bere area ertzetik, eta Sergio Herreraren ateraino joan dira hainbat jokalari. Osasunako atezainak huts egin du taldekide bati baloia ematerakoan, eta Javi Lopezek jaso du hegalean, atetik gertu. Erdiraketa ona egin du, Omorodionek errematea lortu du, baina baloiak zutoinean jo du.

Ez da ez bat ez bestea gailendu lehen 45 minutuetan, baina markagailua irekitzeko aukerak ez dira falta izan. Hala ere, Osasunak sendoago amaitu du, eta Alavesek bi aldaketa egin ditu atsedenaldian, berriro partidan sartzeko intentzioarekin. Carlos Vicente eta Kike Garcia sartu dira, Sola eta Guridiren ordez.

Lehen zatiko sua itzali egin da bigarren zatian, baina, 70. minutura iritsi berritan, partidako sekuentzia "eroa" iritsi da. Ruben Garcia Alavesen ate aurrean jarri da keinu eder batekin, baina Siveraren gorputzera jaurti du baloia. Alavesek, ordea, berehalako erantzuna egin du, Ruben Garciaren aukeraren jokaldi berean. Luis Riojak erdiraketa ipini dio Omorodioni, baina hark ez du errematea eroso egitea lortu, eta Herreraren gorputzera jaurti du berak ere.

Maskaradun heroia

Berdinketa usaina zuen euskal derbiak, baina betikoa agertu da, bere agertoki gogokoenean. Zalantzazkoa zen Ante Budimir partidan arituko ote zen; izan ere, Las Palmasen aurka kolpea hartu zuen aurpegian, baina maskara beltz batekin jokatu du, mindutako eremua babesteko. Partida osoan beldurrik gabe lehiatu ditu baloi guztiak, baina Kroaziako beltxargak, aireko jokoa ez ezik, oinetan ere kalitatea duela berretsi du. Area ertzean baloia jaso, eta bitan pentsatu gabe jaurtiketa egin du Siveraren eskuin zutoinera. Gol bikaina egin du, denboraldiko 14.a, eta horrela errekor pertsonala ezarri du Espainiako Lehen Mailan.

Erantzuna eman nahi zuen Alavesek, baina atzetik egin ditu markagailuan azken hamabost minutuak, eta Herreraren atea inoiz baino urrunago ikusi du. Osasuna eroso egon da emaitza babesten, eta aurkariak baino indar handiagoa erakutsi du partidako fase erabakigarrian. Azkenean, hiru puntuak Sadarren geratu dira, eta lehen mailan geratzeko helburua oso gertu du Jagoba Arrasateren taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.