OSASUNA 2-0 CADIZ

Budimirrekin dena da errazagoa

Osasunak Cadizi irabazi dio Sadarren, aurrelari kroaziarrak sartutako bi golei esker. Gorritxoek ia ziurtatua dute mailari eustea: hamabost puntura dituzte jaisteko postuak.

(ID_13615010) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA
Ante Budimir, bigarren gola ospatzen. JESUS DIGES / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko otsailaren 17a
18:49
Entzun

Osasunak lasai igaroko ditu liga amaitu arteko jardunaldiak. Ia bete du denboraldiko helburu nagusia: beste urtebetez Espainiako Lehen Mailan jokatzea. Hamahiru jardunaldi falta zaizkio jokatzeko, txapelketaren heren bat, baina Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak esku-eskura du mailari eustea. 32 puntu ditu, eta hamabost ateratzen dizkio hamaseigarren sailkatuari, Cadizi. Hark baino gol alde hobea ere badu. Beraz, talde gorritxoak sekulako txakalaldia sufritu beharko luke datorren sasoian berriro onenekin ez aritzeko.

Gaur egin du beste urrats handi bat bide horretan. 2-0 irabazi dio Cadizi Sadarren. Hori eginda, beste bi helburu lortu ditu: bata, etxean jokatutako azkeneko partidan emandako itxura eskasa ahatzaraztea —0-3 galdu zuen Celtaren aurka—; bestea, berriz, bigarrenez jarraian irabaztea. Behin besterik ez zuen hori egina denboraldi honetan. Horrek indarra emango dio etxeko lanak eginda utzi eta gora begira jartzeko. Ez ditu horren urrun Europarako sailkatzeko postuak: bost puntura du zazpigarren sailkatua, eta seira seigarrena. Asko falta da oraindik. Saiatu beharra du. Bolada on hau aprobetxatu behar du. 

Baita Ante Budimirrek daraman bolada ikusgarria ere. Aurrelari kroaziarra izan da berriro partidako izarra. Hark sartu zuen garaipenaren gola duela astebete Anoetan, Realaren aurkako derbian, eta gaur berak erabaki du berriro neurketa. Berak sartu ditu norgehiagokako bi golak, biak bigarren zatian: aurenekoa, 63. minutuan, Ruben Garciak eskuinetik egindako erdiraketa neurtua buruz bikain errematatuta; bigarrena, berriz, 90. minutuan, Jesus Aresok eskuinetik abiatutako kontraerasoa maisuki amaituta. Lehen golak jota utzi du Cadiz. Ordu arte, oso borrokatua zegoen partida. Bigarren golak, berriz, azkena eman die bisitariei.

Ikusgarri ari da Budimir, eta ikaragarriak dira haren datuak. Gaur sartu dituen bi golekin, hamahiru daramatza jada denboraldi honetan ligan. Inoiz ez zituen horrenbeste gol sartu Osasunaren elastikoarekin sasoi batean. Gehienez, 11 sartu zituen. Bi gehiago daramatza, eta oraindik hamahiru partida falta dira. Beraz, ondo bidean, oso goian jarriko du langa. Egun, ezin da ulertu Osasuna hura gabe. 

Ez da harritzekoa Arrasatek partida amaieran hura goratu izana. «Budimirren golak partida aldatu du. Ez ginen ari etxean aritzen garen bezala. Baina Budimir gozo-gozo dago, eta aprobetxatu egin behar dugu. Ea gol gehiago sartzen dituen. Ilusioa egingo lidake. Oso gertu dugu mailari eustea, baina irabazten jarraitu nahi dugu».

athleticek irabazi egin du; Realak, berriz, berdindu

Denetarik izan da gaur Espainiako Lehen Mailan. Athleticek 1-0 irabazi dio Betisi Lezaman. Oso partida lehiatua izan da, eta etxekoek gogotik sufritu dute garaipena lortzeko. Azkenean, Jone Amezagak 90. minutuan sartutako golari esker nagusitu dira. 

Realak, berriz, bana berdindu du Vila-realen zelaian. Emma Ramirezek aurretik jarri ditu txuri-urdinak 34. minutuan, baina Lucia Gomezek berdindu egin du 70.ean. 

Bihar, Eibarrek partida zaila du, hirugarren sailkatua hartuko baitu Ipuruan: Levante (12:00, Dazn eta Gol). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.