Osasuna 1-0 Valentzia

Budimirren gol batek eman dio lehen garaipena Osasunari

Gorritxoek bederatzigarren minutuan hartu dute aurrea, eta Valentzia jokalari bat gutxiagorekin geratu da 21.ean. Nahiz eta hamarren aurka ari, ordea, etxekoek ezin izan dute beste golik sartu.

Osasunako jokalariak Budimirren gola ospatzen, gaur, Sadarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Osasunako jokalariak Budimirren gola ospatzen, gaur, Sadarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko abuztuaren 24a
19:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sadar, Budimir eta garaipena. Ohiko konbinazioa da. Osasunak bigarren jardunaldian lortu du denboraldiko lehen garaipena, aurrelari kroaziarrak bederatzigarren minutuan egindako gol bati esker. Partida azkar jarri zaie maldan behera gorritxoei, 21. minutuan Jose Luis Gaya Valentziako kapitainari txartel gorria atera baitiote, baina Osasunak ez du asmatu emaitza borbobiltzen.

Etxeko taldea bikain aritu da haiseran. Valentziak erdialdean elkartu ditu jokalari asko, eta horrek zuloak utzi ditu hegaletan. Gainera, Alessio Lisciren taldeak lan ona egin du presioan ere. 

Tarte horretan nabarmendu dira Osasunaren fitxaketetako bi: Victor Muñoz ezkerretik eta Valentin Rosier eskuinetik. Frantziarrak eman dio Budimirri gola sartzeko erdiraketa: pasea hegalera bidali dio Moi Gomezek, baloia irten aurretik erdiratu du Rosierrek, eta buruz bikain errematatu du aurrelariak.

(ID_15248322) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Epailea Gayari txartel gorria erakusten, gaur, Sadarren. JESUS DIGES / EFE

Emaitza ona zen, baita sentipenak ere; Valentzia ez zegoen eroso. Osasunak baloia urrundu du korner batean, Gayak gaizki jo du baloia toki arriskutsu batean, eta Muñoz beste inor baino azkarrago ibili da. Valentziako kapitainak falta argia egin dio atezainaren aurrean bakarrik geratzekoa zela, eta txartel gorria erakutsi dio epaileak. Ez du protestarik ere egin. 21. minutua zen.

Ondo bukatu ezinda

Hortik aurrerakoa gazi-gozoa izan da. Osasunak ez da behar bezala aritu neurketaren bukaeran, eta ia bi puntu galdu ditu bidean. Jokalari bat gutxiago izan arren, Valentzia zertxobait indarberritu da bigarren zatian, eta bi taldeak parekatu egin dira. 

Ustekabekoa 89. minutuan heldu da: Diakhabyk buruz erdiratu du, Osasunaren defentsa lo harrapatu, eta Danjumak sareetara bidali du baloia. Zentimetro gutxi batzuengatik, ordea, jokoz kanpo zegoen aurrelaria. Osasunaren zaleek arnasa hartu dute, baina epaileari ordua eskatuz amaitu dute. Baita Liscik ere. 

Osasunak argialdiak izan ditu, baina baita itzalaldiak ere. Garrantzitsuena, ordea, poltsikoan du: sasoiko lehen garaipena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.