Bolada txarrean, Athleticek aurkari zail bati egin behar izan dio aurre Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldian: Borussia Dortmundi. Lehen zatian defentsako lanean jarri du arreta osoa, baina ez du lortu atea hutsean mantentzea. Bigarrenerako, aldaketak egin ditu Valverdek, eta, hasi eta gutxira bigarren gola jaso arren, beste itxura bat eman du taldeak. Lehiakor aritu da bukaerara arte, baina ez da gai izan emaitza iraultzeko. Are, merezi baino gol gehiago sartu dizkiote. Partida 4-1 amaitu da, baina lan ona egin du Athleticek.Â
Etxeko taldeak ezarri du erritmoa lehen minutuetan; erasokor ekin dio lehiari. Bitartean, zelaian tokia bilatu nahian aritu da Athletic, bai erasoan, bai defentsan. Pixkanaka, geroz eta erosoago. Aurkariaren ahaleginak ondo frenarazi ditu talde zuri-gorriak. Nabarmentzekoa izan da ere baloia galdutakoan jokalariek atzera korrika egindako esfortzua, kontraerasoak ezerezean uzteko.
Niko Kocavek zuzendutako taldeari kostatu zitzaion arrakalak topatzea, baina atzean sendo aritu arren, baloia izatea falta zitzaion Athletici, aurrera ere egin ahal izateko. Sabitzerrek egin du partidako lehen jaurtiketa, hogeigarren minutuan. Hurrengoan, Alemaniako taldeak ez du barkatu. Eskuin hegaletik ondo utzi dio baloia Ryersonek Adeyemiri, eta haren erdiraketa sarera bota du Svenssonek; baloiari bultza besterik ez dio egin behar izan.
Maldan gora jarri zaio partida Athletici: markagailuan atzetik zen, eta zelaian ere etxeko taldea zen nagusi. Hori gutxi ez balitz, golak are gehiago piztu ditu alemaniarrak, eta sutsuki joan dira bigarrenaren bila. Bi aukera on izan dituzte segidan.
Atsedenaldian aldaketa hirukoitza egin du Ernesto Valverdek, ikusitakoaren gustura ez: Laporte sartu da Vivianen ordez, Ruiz de Galarreta Jauregizarren ordez, eta Guruzeta Iñaki Williamsen ordez.
Hain zuzen, begi bat larunbateko ligako partidan jarrita osatu du hamaikakoa Athleticeko entrenatzaileak. Aulkian utzi ditu, besteak beste, Yuri, Ruiz de Galarreta eta Oihan Sancet. Gainera, min hartuta dagoenez, deialditik kanpo geratu zen Nico Williams. Arreta piztu du zelairatutako hamaikakoak, eta zeresana eman. Argi geratu da entrenatzaileak baduela kezka, eta taldeak puntuak behar dituela. Ligako azken lau partidetatik hiru galdu egin dituzte zuri-gorriek, eta bat berdindu. Kontrara, hasieratik aritzeko aukera izan du gaur Alejandro Rego gazteak.
Bigarren zatian aurrerapausoa ematen saiatu da Athletic, baina orduko asmoak azkar zapuztu dizkio Borussia Dortmundek. Jokaldi ona ondu du taldeak, eta area barruan jaso du baloia Chukwuemekak. Bigun defendatu du Gorosabelek, eta erdilariak ez du barkatu, 50. minutuan.Â
Ez du etsi Athleticek, eta hortik gutxira gertu izan du gola. Jaurtiketa indartsua egin du Sannadik, baina atezainak urrundu du. Nabarmen hautsiago hasi da bigarren zatia, urrats bat aurrera egin duelako talde zuri-gorriak. Ez zuen ezer galtzeko, eta asko irabazteko. Halaxe, 61. minutuan jaso du saria. Dortmundeko atzelariek elkar ulertu ez, eta arean baloi solte bat harrapatu du Guruzetak, partidari gatza eta piperra jartzeko.Â
Beste baloi bat ere bota du sarera Athleticek, baina epaileak baliogabetu egin zuen, Robert Navarro jokoz kanpo zegoelako. Hazi egin da talde zuri-gorria, eta estu hartu du aurkaria. Goitik behera aldatu da partidaren gidoia. Bizkaiko taldea ondoen zegoenean, baina, Dortmundek hirugarrena sartu du, modurik mingarrienean: zorte txarra tarteko. 90. minutuak beteta, Brandtek erabakita utzi du lehia, laugarrena eginda.
Hurrengoan, ea
Txapeldunen Ligako lehen bi partidetan ezin izan du punturik lortu Bilboko taldeak. Ustez, aukera gehiago izango ditu hurrengoan: Karabakh taldearen bisita jasoko du San Mamesen, hilaren 22an.
Borussia Dortmund – Athletic
Borussia Dortmund. Kobel; Anton, Sule (Schlotterbeck, 70. min.), Bensebaini; Ryerson, Sabitzer, Bellingham (Nmecha, 70. min.), Svensson; Adeyemi (Beier, 63. min.), Chukwuemeka (Brandt, 63. min.); eta Guirassy (Fabio Silva, 87. min.).
Athletic. Unai Simon; Gorosabel, Vivian (Laporte, 46. min.), Paredes, Lekue; Alejandro Rego, Jauregizar (Ruiz de Galarreta, 46. min.); Iñaki Williams (Guruzeta, 46. min.), Robert Navarro, Unai Gomez (Nico Serrano, 63. min.); eta Maroan Sannadi (Ibon Sanchez, 80. min.).
Golak. 1-0: Svenssonek (28. min.). 2-0: Chukwuemekak (50. min.). 2-1: Guruzetak (61. min.). 3-1: Guirassyk (83. min.). 4-1: Brandtek (91. min.)