Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic

Bukarest, eromenerako prest

Athleticeko zaleak hasi dira Bukaresteko kaleak betetzen. Zale dezente ikusi ahal izan dira, eta guztiak festa pizteko prest daude. Baikortasuna da nagusi denen artean, eta uste dute titulua Bilbora joango dela.

Athleticeko zale batzuk xanpaina botilez betetako kaxekin, atzo, Bukaresteko aireportura iritsi berritan. JON ESKUDERO.
jon eskudero
Bukarest
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Athleticek gaur jokatuko duen finalak sortu duen ikusmina sekulakoa da. Itzela: «Inoiz ez dut bidaiatu Athleticengatik, baina oraingo honetan merezi izan du. Ziur nago irabaziko duela». Karmen Geaskoetxearen hitzak dira, Bukaresteko kaleetan atzo eginikoak. Ez da futbolzalea, baina egoerak horretara behartu duela aitortu zuen. Ez da gutxiagorako. Bilboko taldeak ia-ia inoizko partidarik garrantzitsuena jokatuko du gaur, eta zaleek ez dute taldea bakarrik utziko. 11.000 lagun bilduko dira Errumaniako hiriburuan, eta gaur egongo den giro apartaren usaina atzo antzeman zen. Bukarest eromenerako prest dago.

Batzuk, lehen aldia; eta beste batzuk, berriz, hamaikagarrena; Armando Castillok, esate batera: «Ni Sevillakoa naiz, baina Athleticeko zalea, eta Bukarestekoa bosgarren bidaia dut taldea ikusteko. Taldea egiten ari den jokoa maitemintzeko modukoa da. Hegazkinean etorri naiz, baina bueltako bidaia autobusez egingo dut. Ez daukagu krisirik». Bistan denez, zale zuri-gorriak edozein tokitan daude. Pentsa, Bukaresten bertan ere Athleticen peña bat inauguratu zuten atzo. Orain hamar urte Euskal Herritik bertara lanera etorritako hogei bat lagunek osaturikoa.

«Atletico Madrilek talde ona dauka. Final-laurdenetako zozketa egin zenean ez nuen nahi bera aurkari egokitzea, eta halaxe izan zen. Beldurrik ez nion, baina errespetua bai, eta orain ere badiot. Dena den, sufritutako garaipena lortuko dugula pentsatzen dut». Baikorra da Karlos Lopez, baina badaki taldeak erne jokatu beharko duela irabazteko. Iritzi bera dauka kuadrillakoa duen Pablo Alvarezek: «Bielsak ilusioa ekarri du, eta, Manchesterren irabazi bagenuen, edozein lekutan irabaz genezake. Hori bai, Atletico Madril aurkari arriskutsua da». Ez dirudi beldur handirik dutenik bilbotarrek, hainbatek plastikoz egindako kopa bat esku artean ibili baitzuten atzo. Eta kopa bezalaxe, lehoiak ere ugari izan ziren tabernetan zein plazetan. Bada, gaur dute jokalariek kosk egiteko ordua.

Irribarrea eta baikortasuna ikusi ahal izan zen gehien zale zuri-gorriengan. Goizean nahiko hutsik egon ziren hiriko kaleak, baina bazkalosterako kanpora irten eta entzun ahal izan zen Athleticen aldeko oihu bat edo beste. Irrintzia egitean, bada, artista da Jose Altuna. Urteak omen daramatza horretan: «Irrintzilaria naiz, eta normalean nik egiten ditut Athleticen aldekoak. Baina aurten bezain gustura ez dut uste inoiz aritu izan naizenik. Aurtengoa izugarria izaten ari da, bizitzeko modukoa».

Athleticeko zaleak bai, eta Atletico Madrilekoak ere bai. Bi kilometro eskasek banatuko ditu gaur bi taldeetako zaleak egongo diren guneak. Atzo, ordea, elkar ere ikusi zuten. Madrilgo zale bat ziur dago bere taldeak irabaziko duela: «Athletic sekulako denboraldia egiten ari da, baina guk Simeonerengan itsu-itsuan sinesten dugu, eta Falcaok sartuko du partidako gol bakarra», zioen Antonio Casadok. Hori entzutean, berehala erantzun zion zale zuri-gorri batek: «Atletico Madrilek nahiko titulu baditu lehendik ere, orain gure txanda da. Susaeta eta Ander Herrerak sartutako golekin titulua Bilbora eramango dugu», azaldu zuen Jorge Ezeizak.

Ohi den bezala, norberak bereari eusten dio. Bukarest kolore zuri-gorriz jantzi zen atzo, baina kontuan eduki behar da bi taldeen lehenengo elastikoa kolore berekoa dela. Bada, Athletici tokatuko zaio berdez jokatzea. Hain zuzen ere, esperantzarekin kolorearekin ariko da Bielsaren taldea: «Gure esperantza da partida bikaina jokatu eta itzulerako hegazkinean ospatzea. Besterik ez dugu eskatzen». Jorge Ezeizaren ustez, Bilboko taldeak aukera asko ditu garaile izateko.

Atzo Bilboko zaleak ez ziren gutxi izan, baina gaur festa lehertu egingo da. Guztiak gune berean bilduko dira, eta partida ordura arte ospakizuna izango da nagusi. Benetako ordua iristen ari da, eta urduritasuna ere bai. Atzerako kontuak ez du etenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.