PILOTA

Burua gehitu dio kolpeari

Joseba Ezkurdiak hiru final jokatu ditu urtebetean, eta hirurak irabazi ditu. Horietan guztietan erabakigarria izan da arlo psikologikoan egin duen gorakada. 

Joseba Ezkurdia, lau eta erdiko txapelduna. IDOIA ZABALETA, FOKU
Julen Etxeberria.
2019ko azaroaren 18a
11:32
Entzun

Indartsua, bizia eta kolpe handikoa. Hala izan da Joseba Ezkurdia (Arbizu, Nafarroa, 1991) duela zortzi urte profesionaletan debuta egin zuenetik. Dohain bikainak dira horiek guztiak pilotan aritzeko. Baina Ezkurdiak gabezia bat izan du urte askoan: une erabakigarrietan huts egiten zuen. Bere burua ataka estuan ikusten zuenean, urduri jarri, eta lotuta geratzen zen. Makina bat partida galdu ditu horren ondorioz.

Baina azken urtebetean gorakada handia izan du arlo psikologikoan. «Buruz oso indartsu sentitzen naiz. Gustura aritzen naiz defentsako lanean; ez diot beldurrik galtzeari eta sufritzeari, eta hortik etorri da nire gorakada», aitortu zuen aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatu bezperan.

Hobekuntza horrek emaitza bikainak eman dizkio. Izan ere, azken urtebetean hiru final jokatu ditu, eta hirurak irabazi ditu: bitan jantzi du lau eta erdiko txapela, bietan Jokin Altuna mendean hartuta; binakakoa ere irabazi du, Jose Javier Zabaletarekin bikote eginez, finalean Elezkano II.a-Rezustari nagusituta. 

Igandean jokatutako finalean berriro erakutsi zuen jokoz ez ezik buruz ere oso pilotari indartsua dela. Ez zion ondo ekin partidari, eta Altuna III.ak ondo baliatu zuen lehen hiru tantoak lortzeko. Baina Arbizukoa ez zen urduri jarri, eta kolpeari kolpe gogorrago batekin erantzun zion: sei tanto egin zituen erreskadan. Berriro suspertu zen Altuna III.a (7-10), eta Ezkurdiak berriro erantzun zuen indartsu (16-12). Amezketakoak azken ahalegin bat egin zuen (17-16). Lehen, Ezkurdia urduri jartzen zen halakoetan. Baina orain ez. Beste pilotari bat da, sendoagoa, seguruagoa. Bost tanto jarraian eginda errematatu zuen lana. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.