Hercules aise kanporatu, ondoren Alcorcon edo Santanderko Racingi irabazi, finalerdietan Recreativo, Atletico Madril, Celta edo Vila-real hainbestean menderatu, eta Espainiako Kopako finalera. Osasunako zale askok gorriz margotuta daukate maiatzaren 26a. Egun horretan jokatuko da Espainiako Kopako finala, eta zozketaren egunean Osasunaren balizko ibilbideari erraz itxura hartuta, gustura zeuden gehienak. Eta egia da Osasunaren finalerako bidea ez dela egon zitezkeenetan zailena, baina futbolean askotan gertatu da oinez ikasterako korrika hasi eta kolpe handia hartzea. Galde diezaiotela bestela Real Madrili -Alcorconek kanporatu zuen final-hamaseirenetako kanporaketan-.
Osasunak partida txukuna jokatu zuen joan den igandean Real Madrilen aurka, eta, 0-0 berdinduta, berriz ere taldean sinesten hasi dira zaleak. Ez da txarra ligan konfiantza hartu eta gora begiratu nahi izatea, baina Kopako partidari begira buruari eustea komeni da. Bigarren Mailako taldea da Hercules, baina lider dago une honetan, Realarekin berdinduta, eta Kopan Almeria Lehen Mailako taldea kanporatu zuen aurreko kanporaketan, bi partidak irabazita, gainera. Datorren astean Iruñean jokatuko dute itzuliko partida, baina Hercules oso arriskutsua da bere zelaian. Ligan, denboraldi guztian, ez du partida bakar bat ere galdu -jokatutako bederatzi partidetatik zortzi irabazi ditu, eta bat berdindu-, eta hogei gol sartu eta bost besterik ez ditu jaso -Realari, esaterako, 5-1 irabazi zion-. 2009ko urtarrilaren 10ean galdu zuen azkenekoz partida bat etxean, Alacanten aurka, 1-2.
Ligan aukera askorik ez daukaten jokalariak ariko dira gaur hasieratik, eta, besteak beste, deialditik kanpo geratu dira Farinos, Sendoa, Rufete eta Tiago Gomes. Horrez gain, min hartuta daude Manuel Ruz eta Sergio Diaz. Hala ere, Esteban Vigoren taldeak oso itxura ona eman zuen Almeriaren aurkako kanporaketan, eta, Lehen Mailarako bidea hartuta, hazita daude.
Kopako finala, balizko kanporaketak eta Real Madrilen aurkako partida ahaztea hobe, beraz, Osasunaren kasuan buruan baitago gaurko partidaren arriskua. Herculesen aurkako partida «serio» hartzeko eskatu zien atzo Jose Antonio Camacho entrenatzaileak bere jokalariei, beldurren bat badaukan seinale. Joan den igandean Real Madrilen aurka hasieratik aritu ziren jokalariak aintzat hartuta, bederatzi aldaketa egingo ditu Camachok. Atzoko entrenamenduaren arabera, Roversiok eta Monrealek soilik jarraituko dute hamaikako horretan. Min hartuta daude Sergio eta Oier Sanjurjo, eta deialditik kanpo geratu dira Ricardo atezaina, Puñal, Aranda, Esparza eta Delporte. Aipagarria da Roberto Fernandez harrobiko atezaina deialdian dagoela. Ion Etxaidek, berriz, Huescatik itzulita, debuta egiteko aukera izan dezake gaur.
Javier Portillo aurkari
Intentsitatea, eta golen bat. Hori eskatuko die Camachok jokalariei, Kopan garrantzi handia baitaukate etxetik kanpo sartutako golek. Entrenatzaileak atzo onartu zuen liga dela garrantzitsuena, baina Kopa ez duela paretik kendu nahi. «Xerezen aurka ere ongi jardun zuten normalean jokatzen ez dutenek, eta orain ere edonork joka dezake».
Partidak edukiko du beste bizigarri bat ere, Javier Portillo orain gutxi Osasunako jokalaria zena Herculesen ari baita orain. Oso litekeena da aurrelariak gaur egitea debuta, bere talde ohiaren aurka. Portillori «onena» opa diola esan zuen atzo Camachok. «Sar ditzala sar ditzakeen gol guztiak, Osasunaren aurka jokatzen duenean izan ezik. Jokalari batzuek talde batean ez dute arrakastarik izaten, baina ondoren, beste batera joandakoan, askoz hobeak izaten dira».
Neguko merkatua irekita dago oraindik, baina entrenatzaileak ez du uste taldean aldaketa gehiago izango denik. Adrian Colunga Recreativoko aurrelaria fitxatzeko interesa dauka Osasunak, baina Jorge Galan aurrelari gorritxoak Recreativora joan beharko luke fitxaketa gauzatzeko. «Galanen esku dago, baina, egia esan, diru kontuekin oso baldintzatuta gaude».
Buruan du arriskua
Espainiako Kopako final-zortzirenetako joaneko partida jokatuko du gaur Osasunak Hercules Bigarren Mailako liderraren etxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu