Buruarekin hirugarrena

Javier Ruiz de Larrinaga hirugarrenez nagusitu zen herenegun Espainiako Ziklo-kros Txapelketan, Zamoran

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Ez zen ondoena irten. Mauro Gonzalez (Galizia) eta Isaac Suarez (Kantabria) berehala ezkutatu ziren bihurgune eta lokatz artean. Su batean irten ziren biak, eta Javier Ruiz de Larrinaga (MMR Lizarte) hamar bat segundoren tartea galduta geratu zen proba hasterako, Egoitz Murgoitioren (Hirumet) ondoan. Ez zuen berehala hartu lasterketa burua, eta Murgoitiori berari utzi zion aurreko biekin bat egiten lehenengo, eta proba apurtzen gero. Gasolinarik ez, gasoila dago arabarraren zangoetan. Ruiz de Larrinagak ez dauka beste batzuek daukaten txisparik, erritmo aldaketarik, baina burua erabilita irabazi zuen herenegun Espainiako Ziklo-kros Txapelketa, Zamoran. Azken metroetan. Estu-estu. Jose Antonio Hermida (Multivan) gain-gainean zeukala. Hirugarrenez txapeldun.

Pinudian barrena, zirkuitu gogorra prestatu zuten antolatzaileek, eta are gehiago gogortu zuten txirrindulariek eurek. Mauro Gonzalezen suari segika, laukotea osatu zen aurrean, baina laukote hori hirukote bihurtu zen berehala, Gonzalez itota geratu zelako. Hor hasi ziren ziklo-krosean hain ohikoak diren ezbeharrak. Indarrean zegoela ikusita, jotzea erabaki zuen Suarezek, baina orduantxe zulatu zuen gurpila, eta erori egin zen. Hain proba estuan, segundo askoren galera da hori. Murgoitio erasoan eta Larrinaga kontrol lanean. Horixe izan zen lasterketaren egoera erorketa horren ostean.

Baina probaren erdia betetzear zela, Murgoitiok ibilbideko pinuetako bat jo zuen bete-betean, eta lurrera erori zen. Bitartean, zulatu bakarrarekin nahikoa ez zuela eta, bigarren aldiz zulatu zuen gurpila Suarezek. Larrinaga eta Suarez irabazteko lehiatik urrunduta, Hermidak bat egin zuen Larrinagarekin, eta oso estua izan zen bien arteko lehia. Indarra baliatu beharreko tokietan, arabarra behin eta berriz saiatu zen Hermida atzean uzten. Baina kataluniarrak aldea ezerezean utzi zuen une oro behin pinudian sartuta.

Ia ordubeteko ahaleginaren ondoren, esprinta izan zuen Espainiako Txapelketak. Eta azken bihurgunean hiru bat metroren aldea lortuta, Larrinagak eskuratu zuen urrezko domina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.