Ioannis Burusis partida bat baldintza dezaketen jokalari horietako bat da. Sasoi honetan hura da Laboral Kutxaren izarra, eta gaur, Atenasen, Olympiakosen pistan, hura gabe edo harekin jokatzearen artean alde handia egongo da. Pibotak zuntz haustura txikia du eskuineko izterrean, eta, hala ere,Atenasera bidaiatu du. Han, baina, sendikoak eta lagun asko ditu, eta, jokatzeko moduan ez egonda ere, berdin bidaiatuko zuen. Beraz, galdera argia da, Burusisek jokatzeko ala etxekoak ikusteko bidaiatu du? Partida hasi baino minutu gutxi batzuk lehenago jakingo da.
Giharretako lesioekin arriskatzea oso arriskutsua da. Edozein keinu txarrek haustura txikia handitu dezake izara urratua bailitzan. Gaurkoa, baina, behartzeko moduko eguna da; izan ere,Olympiakos bolada txarrean murgilduta dago, eta Tornike Xengelia min hartuta. Alegia, Burusis gabe, Kim Tilliek, Davis Bertansek, Ilimanek Diopek eta Darko Planinicek osatuko dute Baskoniaren uztaipeko jokoa.
Baskonia bikain ari da Top16an. Bigarren postuan iritsi da zortzigarren jardunaldira. Are gehiago, gaur irabaziko balu, hiru garaipenen tartea irekiko luke bosgarren sailkatuaren aldean, kanporaketetarako igaroko ez den lehen taldea. Beste bost partida geldituko direla kontuan hartuta, tarte oso handia litzateke.
Atenasen irabaztea, dena den, ez da inoiz erraza. Gaurkoa Olympiakosek eta Laboral Kutxak sasoi honetan elkarren aurka jokatuko duten laugarren aldia da, eta aurreko hiruretatik bi Greziako taldeak irabazi ditu: Top16ko lehen itzulikoa (76-82), eta lehen fasean Atenasen jokaturikoa (59-52).
Pireoko taldearen egoera, baina, erabat aldatu da Top16aren bigarren jardunaldian Buesan irabazi zuenetik. Lesioen eta maila beherakadaren eraginez, bere jarduna erabat okertu zaio. Ordezkoek ez dute espero zenik eman, eta azken sei partidetatik bost galdu ditu, tartean Bambergen aurkakoa etxean. Garaipen bakar hori ere zaleen beroan lortu zuten, Khimikren kontra (89-77). Bolada oso txarra da, eta atzo Giannis Sfairopoulos entrenatzaileak epaileak hartu zituen hizpide hedabideen aurrean, eta beste talde batzuk partiden aurretik epaileen irizpidea «manipulatzen» saiatu direla salatu zuen. Giroa berotzea deitzen zaio horri.
Olympiakosek arazoak konpontzeko botika aproposa du, dirua, eta bi jokalari on gehitu berri ditu multzoa indartzeko. Bata Kostas Papanikolau da, harrobiko hegalekoa baina sasoia NBAn hasi zuena. Bestea Hackim Warrick da, ahal fisiko izugarri eta maila tekniko urriko hegal-pibota. Warrickek zortzi urte egin zituen NBAn eta birrintze lehiaketan parte hartzera iritsi zen.
Burusis, lanera ala etxekoak ikustera?
Laboral Kutxak Olympiakosen bolada txarra baliatu nahi du gaur Atenasen irabazteko.Pibot greziarrak jokatuko duen ikusteko dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu