Buruz Buruko Txapelketa

Zabala eta Zabaleta berritasun direla abiatuko da buruz burukoa

Urdaibaiko Ekoetxean aurkeztu dute Buruz Buruko Txapelketa, gaur. Zabalak eta Urrutikoetxeak emango diote hasiera txapelketari, ostiralean bertan, Donostian.

Buruz burukoan lehiatuko diren pilotariak, Altunaren faltan. FOKU
Buruz burukoan lehiatuko diren pilotariak, Altunaren faltan. FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 3a
13:10
Entzun

Urdaibaiko Ekoetxean aurkeztu dute Buruz Buruko Txapelketa; hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biosfera erreserba bakarraren bihotzean. Hamabi pilotariek, ordea, ekainaren 2rako egin nahiko lukete erreserba, Bizkaia frontoiko final handirako. Javier Zabala eta Jose Javier Zabaleta izango dira berrikuntzak, iazko txapelketarekin alderatuta. Bestetik, Mariezkurrenak uko egin dio parte hartzeari, eskuko minez baitago. Hutsune nagusia Peio Etxeberria izango da. Lau eta erdiko finala jokatu eta binakako txapela jantzi ostean, Aspek kanpoan utzi du. Ostiralean hasiko da txapelketa, Donostian, Zabalaren eta Urrutikoetxearen arteko partidarekin. 

Azken urteetan bezala, enpresa bakoitzak sei pilotari kantxaratuko ditu. Lau zerrendaburuak Aspekoak izango dira: Elordi, Altuna III.a, Dario eta Ezkurdia. Enpresako beste bi pilotariak Zabaleta eta Zabala dira. Baikoko seikotea, berriz, hauxe: Artola, Laso, Peña II, Jaka, Bakaikoa eta Urrutikoetxea. Sistema ere iazko bera izango da; hau da, final-laurdenetako ligaxkan ez dute asteburuero jokatu beharrik izango. Hiru partidetan gutxienez asteburu bateko atsedena izango dute.

Azken unean sartu dira Zabaleta eta Urrutikoetxea. Atzelaria Peio Etxeberriaren ordez sartu zuen Aspek, astelehenean. Hasieran Zenozkoak osatu behar zuen Asperen seikotea, baina harekin batera binakako txapela jantzi duen Zabaleta ariko da azkenean. Minduta agertu da azken orduetan gertatutakoarekin. «Minduta nago. Duela aste batzuk enpresak jokatzeko eskaintza egin zidan, eta onartu egin nuen. Enpresak aukera eman dit, eta nik jokatu besterik ez dut egingo, gainerako pilotariek bezala». Iaz, hatz bat hautsi ostean, ezin izan zen buruz buru aritu, eta, aurten, bera izango da lehiatuko den atzelari bakarra. Ez du nolanahiko aurkaria izango; Jaka izango du aurrean, 2020ko txapelduna.

Urrutikoetxea, berriz, Jon Mariezkurrenaren partez ariko da. Atzelariak min du eskuan, eta, proba egin ostean, lehiaketan aritzeari uko egitea erabaki zuen. Horrela, bigarren aukera izango da Urrutikoetxearentzat, kanporaketan Bakaikoak kaleratu baitzuen. Zabalaren aurka ariko da kanporaketan. Errioxarra da nobedade nagusia. Aurrelariak ordezko lanak egin ditu binakakoan, eta onenen pare aritu da. Jokatu dituen neurketa guztiak irabazi ditu. Hori ikusita, aukera eman nahi izan dio enpresak, eta debuta egingo du buruz burukoan. Urrutikoetxea izango du aurkari: «Debuta egiteak lana ondo egiten ari naizela esan nahi du, baina errematatu egin nahi dut, eta ligaxkan sartu. Nahi dudan tokian nago, eta orain da demostratzeko garaia. Urrutikoetxea nire idoloetako bat izan da beti, eta haren aurka lehiatzeko gogoz nago».

Buruz buruko txapelketaren aurkezpena
 

Beste bi kanporaketak ere maila handikoak izango dira. Binakakoan Artola izendatu dute jokalaririk onena, eta Peña II.a izango du aurkari, igandean, Tolosan. 2021ean finalera heldu zen, baina, min hartu zuenez, ezin izan zuen jokatu. «Finala jokatu ez izanaren arantza hori barruan daukat oraindik, eta ederra litzateke arantza hori kendu eta finalera berriro heltzea». Egun bat lehenago jokatuko dute 2022ko txapeldun Lasok eta Bakaikoak. Lau garaile horien zain daude jada lau multzoburuak.

Binakakoan pilotekin izan diren kexak ikusita, EPELko enpresek erabaki bat hartu dute: txapelketako piloten aurreko aukeraketa lehiaketa hasi aurretik egin dute. Gauzak horrela, aukeratuta daude jada buruz burukoan erabiliko dituzten 160 pilotak. Partida bakoitzeko zortzi pilotako aurreaukeraketa bat egin dute, eta pilotariek bina hautatu beharko dituzte.

Irabazlearen madarikazioa

Hamar urte dira txapeldunak ez duela txapela bigarrenez jarraian lortzen. Aimar Olaizola izan zen azkena, 2012an eta 2013an Juan Martinez de Irujori irabazi ostean. Madarikazio hori amaitzen ahaleginduko da Elordi, iaz txapelketa ezustean irabazi ostean. «Iaz betegarritzat sartu ninduten, azken orduko lesio batzuei esker. Inork ez zuen nirekin kontatzen, eta txapela lortu nuen. Orain txapelduna naiz, baina binaka emaitza onik lortu gabe nator», adierazi du. Hala ere, sentipen «oso onekin» dagoela nabarmendu du, eta hori «frontoian islatzen» ahaleginduko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.