Eslovenian dago Ander Cepas Zapiko mahai tenis egokituko jokalaria (Donostia, 2004). Nabari da gustura dagoela, eta gozatzen ari dela munduko zerrendako lehen postuan jartzea lortu duelako.
Pozik egongo zara, ezta? Espero zenuen urrats hori egitea?
Oso pozik nago. Urte hauetan egindako lan guztia etorri zait burura, egindako bidea. Aukerak banituen lehen postuan jartzeko, Paralinpiar Jokoen ondoren aldatu egin baitzuten txapelketetan puntuak emateko modua. Lehen, puntuak irabazten edo galtzen zenituen, segun eta zer aurkariren aurka jokatzen zenuen. Adibidez, zerrendan zu baino gorago zegoen tenislari bati irabaziz gero, puntu asko irabazten zenituen; galduz gero, berriz, oso gutxi galtzen zenituen. Kontrakoa gertatzen zen, berriz, zerrendan zu baino atzerago zegoen jokalari baten kontra jokatuz gero. Orain, berriz, puntuak banatzen dira txapelketan iristen zaren kanporaketaren arabera; hau da, ez da kontuan hartzen noren aurka jokatzen duzun. Gainera, zerrendan lehen postuan zegoen tenislariak apenas jokatuko duen txapelketarik Olinpiar Jokoen ostean. Hala, aldea murriztuz joan da. Duela hiruzpalau aste, aldea bost punturena baino ez zen, eta Brasilen zegoen txapelketa batera joatea erabaki genuen. Irabazteko moduko txapelketa zen, eta hala egin nuen. Horri esker nago lehen postuan.
Postu horri denbora luzez eusteko moduan ikusten duzu zeure burua?
Horretan saiatu gara. Orain Eslovenian nago, txapelketa bat jokatzen. Laurens Devosek—lehen tokian zegoen jokalariak—ez du parte hartuko, eta aldea handitzeko aukera izango dut. Ea lortzen dudan eta hilabete pare bat egiten ditudan lehen postuan. Dena den, errespetu handia diot Laurensi. 2016tik, jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu, eta azken hiru Paralinpiar Jokoetan hura izan da txapelduna. Gainera, nik dudan desgaitasun bera dauka, eta txikitatik erreferente bat izan da niretzat. Haren aurretik egotea izugarria da. Oso harreman ona dugu. Bestalde, lehen hamar postuetan dauden beste tenislariak ere goi mailakoak dira. Alde txikia dago gure artean, eta edozer gerta daiteke. Ez da samurra izango.
Devovesekin harreman handia duzula esan duzu. Hitz egin duzu harekin lehen postuan jarri zinenetik?
Bai. Berehala idatzi zidan. Zoriondu egin ninduen, eta esan zidan indartsuago itzuli beharko duela ni garaitzeko. Esango nuke laster bueltatuko dela.
20 urte besterik ez duzu. Aurreko urtean brontzezko domina irabazi zenuen Parisko Paralinpiar Jokoetan, eta orain lehen postuan zaude munduko zerrendan. Gainera, nazioarteko txapelketetan 33 domina dituzu irabaziak. Zein izan da hori guztia lortzeko gakoa, hain gazte izanda?
Ziurrenik ez dut beste tenislari batzuek duten talenturik, baina oso langilea naiz. Lan egitea gakoetako bat da; bestea, berriz, nigan gero eta gehiago sinestea. Psikologikoki aurrerapauso bat eman dut. Lan handia egin dut buruz indartsuago izateko, eta horrek asko lagundu dit lortu dudana lortzeko. Esan bezala, denek oso ondo jokatzen dugu, eta aldea psikologikoki indartsu egotea da, egoera bakoitza ondo kudeatzen jakitea, ona edo txarra izan. Arlo horretan hobetzen segitu nahi dut, eta nigan gehiago sinesten jarraitu.
Zertan hobetu nahi duzu?
Fisikoki hobetzeko aukera dudala uste dut. Niretzat, funtsezkoa da fisikoki ondo egotea, ez bakarrik kirolaria naizen aldetik, baita desgaitasun jakin hau dudan aldetik ere. Desgaitasunen bat duen edozeini gomendatzen diot kirola egitea. Teknikoki, berriz, konfiantza handia dut drive-an, baina errebesa hobetu behar dut. Arreta hor daukat jarrita.
«Teknikoki konfiantza handia dut drive-an, baina errebesa hobetu behar dut. Arreta hor daukat jarrita»
Hobetzeko ezinbestekoa da entrenatzea. Nola antolatzen zara horretarako?
Enpresen Administrazioa eta Kudeaketa ikasten ari naiz. Goizean, normalean bi orduz joaten naiz klasera: 08:00etatik 10:00etara. Gero, bi orduz entrenatzen naiz mahaian, eta arratsaldean beste bi orduz. Gainera, ordubeteko saioa egiten dugu alderdi fisikoa lantzeko. Sei ordu inguru ematen ditut entrenatzen. Horrekin batera, egunero ditut bestelako gauzak: nutrizionista, fisioterapeuta, psikologoa... Atsedenari ere denbora eskaini behar zaio. Azken batean, jardun osoko lan bat da, baina oso gustura egiten dut.
Zure desgaitasuna tarteko, ezkerrarekin jokatzen duzu. Kirol askotan abantaila da ezkerrarekin ondo moldatzea. Zuretzat ere hala da?
Batzuetan bai, eta kirol gehienetan hala da, zuk diozun moduan. Baina gure kirolean zerbait bitxia gertatzen da: ezker asko gaude. Ia tenislarien erdiak ezkerrarekin aritzen dira.
Olinpiar Jokoetan domina lortu eta gero ezagutu zintuen jende askok. Gustuko duzu hori, edo nahiago duzu itzalean lan egin?
Naturaltasunez daramat hori. Guretzat oso garrantzitsua da Olinpiar Jokoetan izaten dugun ikusgaitasuna, eta asko eskertzen dugu. Bestalde, nire familia eta lagunak ez ezik, nire herria lorpenen parte izatea nahi dut, haiekin partekatu.
Presio handiagoa duzu orain? Zeure buruari gehiago eskatzen diozu?
Ez, niri alderantziz gertatu zait. Pariseko Olinpiar Jokoen aurretik presio handiagoa nuen. Aurrena sailkatu egin behar nuen, eta, gero, domina lortzeko aukera nuela sinetsita nengoen. Uste osoa nuen lor nezakeela. Behin lortu eta gero, zama hori kendu nuen. Neure buruak klik egin zuen, berretsi nuelako onenekin lehiatzeko gai nintzela. Oso garai onean nago, eta hobetzeko tarte handia daukat. Beti esaten dut 10 urte barru arte ez naizela ariko nire sasoirik onenean.
«Desgaitasuna naturaltasunez bizitzen lagundu zidan kirolak. Bizitza aldatu zitzaidan kirola egiten hasi nintzenean»
Hurrengo txapelketa garrantzitsua Europakoa izango da. Zer helburu izango duzu?
Azaroan jokatuko da, eta banaka eta binaka lehiatuko naiz. Helburua izango da dominak lortzeko borrokan egotea. Urteko txapelketa garrantzitsuena izango da. Hemendik bi astera ere Donostiako Atleticorekin lehen mailara igotzeko kanporaketa jokatuko dut. Oso gogotsu nago horretarako ere.
Zu txikitan hasi zinen kirola egiten, eta beti esan duzu asko lagundu dizula. Zergatik aukeratu zenuen mahai tenisa?
Oso inklusiboa delako. Denek denen aurka jokatzen dugu, eta, horri esker, beti sentitu naiz besteen pare. Desgaitasuna naturaltasunez bizitzen lagundu dit kirolak. Bizitza aldatu zitzaidan kirola egiten hasi nintzenean.