Futbola

Cabo Verdek, Egiptok eta Saudi Arabiak ezustekoa eman dute

Caboverdetarrek hutsean berdindu dute Espainiaren aurka. Egiptoarrek bana egin dute Belgikarekin, eta saudiarabiarrek beste horrenbeste Uruguairekin. Iranek eta Zeelanda Berriak, berriz, bina berdindu dute.

Vozinha Cabo Verdeko atezaina, Espainiaren aurkako berdinketa ospatzen. RONALD WITTEK / EFE
Vozinha Cabo Verdeko atezaina, Espainiaren aurkako berdinketa ospatzen. RONALD WITTEK / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 16a
09:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezustekoak eta berdinketak izan dira Munduko Kopako azken partidetan. Lau partida jokatu dituzte, eta lauretan berdindu dute. Horien artean, gainera, ezustekoak izan dira, eta ustez apalagoak ziren selekzioak gai izan dira ustez indartsuagoak zirenei aurre egiteko. Hala, Cabo Verdek husna berdindu du Espainiarekin, Egiptok bana Belgikarekin, eta Saudi Arabiak gauza bera egin du Uruguairekin. Iranen eta Zeelanda Berriaren artekoak, ordea, lehia parekatuagoa zirudien, eta hura ere berdinketarekin amaitu da: bina egin dute. 

ESPAINIA 0-0 CABO VERDE

Cabo Verdek ametsetako estreinakoa izan du Munduko Kopa batean, berdindu egin baitu ustez txapelketa irabazteko hautagaietako bat den selekzioarekin: Espainiarekin. Horri esker, Cabo Verdek arrastoa utzi du Munduko Koparen historian, hura baita puntu bat batu duen herrialderik txikiena, baita biztanle gutxien dituena ere.

Vozinha izan da Cabo Verderen heroia, atezainak partida ikusgarria egin baitu. Espainia behin eta berriro saiatu da haren atea zulatzen, baina Vozinhak horma gaindiezina bilakatu du. Gutxienez dozena erdi geldiketa baino gehiago egin ditu, eta Espainiaren ahalegin oro zapuztu.

Espainia nahi eta ezin aritu da hasi eta buka. Euskal jokalariei dagokienez, Unai Simonek eta Mikel Oiartzabalek partida osoa jokatu dute. Miker Merino, berriz, 71. minutuan zelairatu da, eta Nico Williams, 87.ean. Martin Zubimendik ez du jokatu.  

BELGIKA 1-1 EGIPTO

Egiptok ere ezustekoa eman du, bana berdindu baitu Belgikarekin. Europako selekzioa Afrikakoa baino koska bat gorago dago, haren jokalari gehienek talde indartsuetan jokatzen baitute. Ustezko nagusitasun hori, ordea, ez da islatu zelaian, eta Egipto nor baino nor gehiago aritu da. Are, egiptoarrek sartu dute partidako lehen gola: Emam Ashourrek egin du, 20. minutuan. Bi taldeek aukerak izan dituzte: Egiptok, aldea handitzeko; Belgikak, ordea, berdintzeko. Azkenean, belgikarrek lortu dute helburua. Zoritxarreko jokaldia izan da egiptoarrentzat, 66. minutuan Mohamed Hanyk bere atean sartu baitu gola. Horrela bukatu da neurketa. 

(ID_16185091) FIFA WORLD CUP 2026
Egiptoko jokalariak Belgikari sartutako gola ospatzen. STEPHEN BRASHEAR / EFE

SAUDI ARABIA 1-1 URUGUAI

Saudi Arabiak ere ondo ekin dio Munduko Kopari, puntu bat lortu baitu Uruguairen aurka. Hala ere, puntu horrek aho zapore garratza utzi die saudiarabiarrei, gutxigatik ez baitute irabazi. Haiek sartu dute partidako lehen gola. Abdulelah Alamrik egin du, aurreneko zatia amaitzear zela. Ia 40 minutuz eutsi diote aldeari, baina, 80. minutuan, Maximiliano Araujok banakoa lortu du. Emaitza horrekin, H multzoko lau selekzioak berdinduta daude, puntu bana dutela: Cabo Verde, Espainia, Saudi Arabia eta Uruguai. 

(ID_16185349) FÚTBOL MUNDIAL 2026
Saudi Arabiako jokalariak, Uruguairi sartutako gola ospatzen. ALBERTO GOAL / EFE

IRAN 2-2 ZEELANDA BERRIA

Iranek eta Zeelanda Berriak lehia biziko partida jokatu dute, ikusgarria. Zeelanda Berriak izan du norgehiagokaren ekimena, bitan jarri baita aurretik markagailuan, baina Iran gai izan da kolpeari aurre egin eta berdintzeko. Elijah Just aurrelari zeelandaberritarra nabarmendu da, bi gol sartu baititu. Iranen, berriz, Ramin Rezaeianek eta Mohammad Mohebbik sartu dituzte golak. Partida bukatu eta berehala, Irango selekzioa Mexikora joan da, Tijuanara, Donald Trump buru duen AEBetako Gobernuak ez baitio baimenik eman AEBetan lo egiteko. Partidak jokatzeko bisa besterik ez dio eman. Zailtasunak zailtasun, Iran gai izan da puntu bat lortzeko.

(ID_16185762) FIFA WORLD CUP 2026
Zeelanda Berriko jokalari bat, Irango batekin lehian. CHRIS TORRES / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE