Bartzelona aldean oroitzapen onak utzi zituen Jose Antonio Camachok. Entrenatzaile espainiarrak lan txukuna egin zuen Espanyolekin, 1994-95, 1995-96 eta 1997-98 denboraldietan. Egia da entrenatzaile gisa lortutako titulu bakarra Benficarekin lortu duela Camachok, baina orokorrean Espanyolen egin zuen teknikariak bere ibilbide osoko lanik biribilena. Lehen sasoian seigarren postuan amaitu zuten kataluniarrek, nahiz eta talde igo berria izan. Bigarren denboraldian, laugarren tokian amaitu zuten, eta UEFArako sailkatu ziren; eta 1997-98an, hamargarren tokian izan ziren sasoi amaieran, eta Intertotoa jokatzeko sailkatu ziren. 1996-97 sasoian Sevilla Bigarren Mailara jaitsi bazuen ere, Espanyolen egin lan onak zabaldu zizkion Camachori Espainiako selekzioko ateak.
Hamar urte geroago itzuliko da Osasunarekin, eta sasoiko lehen garaipena lortzea dute helburu gorritxoek. Hori bai, Camachok entrenatzaile bisitari gisa Espanyolen zelaian inoiz ez duela irabazi diote estatistikek.1992-93 denboraldian Rayo Vallecano zuzendu zuen, eta Espanyolen aurka Sarriako futbol zelai zaharrean jokatutako lehian berdinketa lortu zuten Vallecasekoek. Murtziarrak Espanyol zuzendu zuen 1994tik 1996ra, eta Sevillara joan zenean Bartzelonara itzuli, eta 1-0 galdu zuen Montjuicen andaluziarrekin. Hain zuzen ere, Camachok ez du inoiz lortu Espanyolen zelaian bisitari gisa irabaztea, ez Espanyol zuzendu aurretik, eta ezta ondoren ere. Lluis Companysen jasotako porrotik mingarriena 2004-05 denboraldian Real Madril zuzentzen zuenean jaso zuen Camachok, dena dela. 2004ko irailaren 18a zen, eta Ligako hiru jardunaldi besterik ez zeramaten arren, teknikaria ordurako ez zegoen gustura madrildarrekin, eta Espanyolen estadioan 1-0 galdu ostean Espainiako Ligan inoiz izandako dimisiorik entzutetsuenaren protagonista bilakatu zen. Gaur, joera hori aldatzen ahaleginduko da Osasunarekin, gorritxoek garaipen premia ikaragarria baitute, zortzi jardunalditan lau partida berdindu eta lau galdu ostean.
«Partida berezia izango da niretzat, zure talde ohien kontra jokatzen duzunean beti izaten baita berezia. Lagun onak utzi nituen Espanyolen, eta zorterik onena opa diet, baina gure partida amaitu eta gero, noski», adierazi zuen atzo Jose Antonio Camachok.
Kopakoa, baleko proba
Asteazkenean Espainiako Kopan Getaferen zelaian jokatu zutenen aldeko apustua egingo du Camachok Espanyolen zelaian irabazteko. Getafen ez zuen irabazi Osasunak, baina gutxienez aurreko bi partidetan baino itxura sendoagoa eman zuten gorritxoek, eta sasoiko lehen garaipena eskuratzeko ere prest ikusten ditu Camachok jokalari hauek, nahiz eta astean bi partida jokatzearen nekea suma dezaketen. Ez du hamaikakoa errepikatuko, baina joko sistema bai, eta Kopan aritutako jokalari askok jarraituko dute nafarren hasierako hamaikakoan. «Ez da hamaikako bera izango, baina Kopan jokatu zutenek ondo baliatu zuten euren aukera, eta joko sistema berarekin ari gaitezke», azaldu zuen Camachok.
Jaroslav Plasil txekiarra atzo ere deialditik kanpo utzi zuen Camachok -Zigandarekin beti jokatzen zuen, baina entrenatzaile espainiarra iritsi zenetik beti deialdietatik kanpo geratu da, ondo egon arren-, eta gero eta argiago dago neguko merkatuan Osasunak utzita bidal dezakeela iragan sasoian Monakotik fitxatutako internazional txekiarra.
Camachoren bigarren etxean
Espanyolekin eginiko lan onak famatu zuen Osasunako entrenatzailea; 10 urte geroago gorritxoekin itzuliko da Montjuicera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu