Kirola

Cameron Jordan NFLko izarra Euskal Herrian dabil bertako kirolak ezagutzen

Futbol amerikarreko jokalaria Athleticen eta Realaren arteko derbian izan zen atzo; gaur herri kirolak probatzen aritu da Gasteizen, eta bihar esku pilotan jokatuko du Donostian.

Cameron Jordan aizkoran Alex Txikonen laguntzarekin, gaur, Gasteizen. L. RICO / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko apirilaren 16a
20:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Cameron Jordan futbol amerikarreko jokalaria NFL ligaren NFL Network katerako Game recognize game saioa grabatzen dabil Euskal Herrian. New Orleans Saints taldeko izarra hainbat ekitalditan ikusi ahal izan da jada.

Lehenik, atzo, Bilbon. Eneko Atxa sukaldaria lagun hartuta, Poza Lizentziatuaren kalean ibili zen Athleticeko kamiseta jantzita, hango giroa ezagutzen. Neurketa bere senideekin ikusi zuen, eta Iñigo Martinez eta Aitor Paredes jokalariekin ere elkartu zen. Goizean Santurtzin (Bizkaia) izan zen, hango Coyotes futbol amerikarreko taldearen entrenamenduan.

Gaur goizean, berriz, Gasteizen izan da Jordan, Alex Txikon alpinista eta herri kirolariarekin. Han, Foruen Plazan, hainbat herri kirol probatu ditu: aizkora, lokotx biltzea... baita harri jasotzea ere, 88 kiloko harri batekin. Txikonek kontatu du primeran pasatu dutela: «Proba batzuekin aho bete hortz geratu da!».

Azkenik, bihar, Donostian izango da, esku pilota ezagutzen, Erik Jaka pilotariaren laguntzarekin.

Argitaratzen dutenean, Youtuben ikusi ahal izango da saioa, NFLren kanalean. Jordan alboko atzelaria da Saints taldean, eta jada 12 urte daramatza NFLn jokatzen. 33 urte ditu, 1,93 metro neurtzen du, eta 130 kilo pisatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.