Carlos Veronak (Lidl-Trek) 32 urterekin lortu du bere lehen garaipena itzuli handi batean. Lidl-Trek taldeak Giulio Ciccone liderra galdu zuen atzo eroriko baten ondorioz, baina horrek alde onak ere baditu: Veronak mugitzeko askatasuna izan du gaur, eta ezin hobeto baliatu du abagunea. Helmugarako 41 kilometro falta zirela jo du erasoa, bakarrik egin du amaierara arteko bidea, eta garaipena Cicconeri eskaini dio Asagion.
Eguneko galtzaile nagusia, ezbairik gabe, Primoz Roglic izan da (Red Bull). Esloveniarra ez dabil fin. Sailkapen nagusiko lehian dabiltzanekiko minutu bat baino gehiago galdu du, eta gaurkoan ez zuen aitzakiarik; ez du erorikorik edo bestelako ezustekorik izan, baina ezin izan ditu behar bezala gainditu mendateak. Lehen mailako bat eta bigarren mailako beste bat igo dituzte txirrindulariek bost ordu baino gehiago iraun duen etapan.

Eguneko mendate gogorrenean, Monte Grappan, mugitu dira sailkapen nagusiko gizonak: Bernal, Del Toro, Gee, Carapaz... baina maldan behera hasi aurretik elkartu dira berriz guztiak.
Taldea Carapazek hautsi du hurrengo igoeran. Denek eutsi diote, Roglicek izan ezik. Hori ikusita, erasora jo dute guztiek, eta Red Bullen liderrarekiko tartea zabaltzen ahalegindu dira. Eta hein batean, lortu dute.
Aurrean, etapa irabazteko lehian, Monte Grappa igaro ostean sortu den ihesaldian sortu da lehia. Veronak helmugarako 41 kilometro falta zirela jo du erasoa, eta aurrera egiten utzi diote besteek. Harrapatu nahi izan dutenerako beranduegi izan da: erakustaldia eman eta besoak altxatu ditu Madrilgo txirrindulariak.