Futbola

Carmelo Cedrun Athleticeko atezain ohia zendu da

Atezain izandakoa 95 urterekin hil da. Hamalau denboraldi egin zituen talde zuri-gorrian, eta Espainiako Liga bat eta hiru Espainiako Kopa irabazi zituen.

Andoni Cedrun eta Iñaki Williams San Mamesen. ATHLETIC
Andoni Cedrun eta Iñaki Williams San Mamesen. ATHLETIC
2026ko uztailaren 6a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carmelo Cedrun Athleticeko atezain ohia hil da, 95 urterekin. Zornotzan (Bizkaia) jaio zen, 1930eko abenduaren 6an, eta guztira hamalau denboraldi egin zituen Athleticen. 404 norgehiagoka jokatu zituen talde zuri-gorriarekin, eta Espainiako Liga bat (1955-56), hiru Espainiako Kopa (1954-55,1955-56 eta 1957-58) eta Eva Duarte kopa bat —Espainiako Superkoparen aitzindaria— irabazi zituen. 1950ean irabazi zuen azken garaikur hori.

Athleticeko hamaika abarkadunak deituriko taldearen ikurretako bat izan zen Cedrun. 1951ko apirilaren 15ean egin zuen debuta, Sevillaren aurka, San Mamesen. 1962an, berriz, Jose Angel Iribarrek egin zuen debuta Athleticen lehen taldean, haren ordezko gisa. Malagako Rosaleda futbol zelaian izan zen hori.

Williamsen errekorra

Cedrunek 1952tik 1957ra 132 norgehiagoka jokatu zituen jarraian. 60 urtez baino gehiagoz egon zen indarrean marka hori; 2019an, Iñaki Williams Athleticeko egungo kapitainak lortu zuen errekor hori ontzea. Urte hartan bertan, zaleek omenaldia egin zioten atezainari, Athleticek San Mamesen Granadaren aurka jokatutako norgehiagokaren ostean.

Ikusi gehiago

Penaltiak gelditzen maisua zen; izan ere, garai hartan zeuden gainontzeko atezainen aldean, garaiagoa zen, 1,84 metro luze baitzen. Athleticeko ohorezko bazkidea zen Cedrun, eta klubak argitaratutako agirian «ikur handietako bat» dela adierazi dute.

Athleticen jokatu ondoren, Bartzelonan aritu zen hiru denboralditan. Eta, erretiroa hartzear zela, AEBetako ligan jokatzeko aukera izan zuen. Ordurako sortu berria zen liga, eta Baltimore Bays taldean aritu zen.

Haren semea ere, Andoni Cedrun, Athleticeko atezaina izan zen. Hark BERRIAri emandako elkarrizketa batean, zera adierazi zuen aitaz: «Bilbon, ni Carmeloren semea naiz; ez naiz Andoni Cedrun. Ederra da Athleticek bere mitoekin duen kultura».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA