txirrindularitza

Cavendishen bosgarrena Tourrean

Gaur ere nagusi izan da esprintean. Bihar Mont Ventoux maila bereziko mendate ezagunean bukatuko da etapa, itzuliko azkenaurrekoa.

2009ko uztailaren 24a
18:38
Entzun
Mark Cavendishek (Columbia) irabazi du gaur ere Frantziako Tourreko etapa, itzuliko 19. etapa (Bourgoin-Jallieu Aubenas, 178 kilometro). Aurtengo Tourreko bosgarren garaipena du -denboraldiko hemezortzigarrena-, eta denak esprintean lortu ditu; Bartzelonakoak baino ez dio ihes egin. Iazko Tourrean lau etapa irabazi zituen. Thor Hushovd izan da gaur bigarren, Gerald Ciolek hirugarren.

Sailkapen nagusian, Alberto Contadorrek (Astana) segitzen du lider. Andy Schleck bigarrenari 4.11 kentzen dio, Lance Armstrong hirugarrenari 5.21 -lau segundo irabazi ditu-, Bradley Wiggins laugarrenari 5.36, Andreas Kloden bosgarrenari 5.38, Frank Schleck seigarrenari 5.59.

Mikel Astarloza da lehen euskal txirrindularia: hamargarren dago -postu bat galdu du gaur, segundo bategatik-, 12.38ra. Duela bi urte lortu zuen Tourreko bere posturik onena: bederatzigarren izan zen.

Bihar korrituko dute 20. etapa, itzuliko azkenaurrekoa: Montelimar-Mont Ventoux (167 kilometro). Maila bereziko mendatean bukatuko da, Mont Ventoux ezagunean. Aurretik, hirugarren mailako hiru gain izango dituzte eta laugarren mailako bat.

Itzulia igandean bukatuko da, Parisen. Contadorrek eskuan du bere bigarren Tourra -2007an erdietsi zuen aurrenekoa-, eta oraindik 26 urte ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.