Osasunak bigarrenez jarraian irabazi du Sadarretik urrun, Celtaren zelaian

Gorritxoak 1-2 gailendu dira. Serio jokatu dute, eta, nahiz eta partida hasieran eta amaieran Celtak estutu egin duen, merezita irabazi dute. Osasunaren golak Budimirrek eta Raul Garcia de Harok sartu dituzte.

Osasunako jokalariak, Budimirrek sartutako gola ospatzen. SALVADOR SAS / EFE
Osasunako jokalariak, Budimirrek sartutako gola ospatzen. SALVADOR SAS / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko otsailaren 6a
23:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bi jardunaldira arte Osasuna irabazi ezinik zebilen Sadarretik urrun. Rayo Vallecanoren zelaian lortu zuen lehen garaipena, eta horrela hautsi zuen bolada txarra. Bada, gaur bigarrenez irabazi du jarraian etxetik kanpo, 1-2 nagusitu baita Celtaren zelaian. Serio jokatu dute gorritxoek, eta Budimirrek eta Raul Garcia de Harok gol bana sartuta biribildu dute egindako lan ona. Hala, nafarrek lau jardunaldi daramatzate galdu gabe, eta, 29 puntu bilduta, sailkapenaren erdialdean egonkortu dira. 

Osasunak bi jokalari garrantzitsu falta zituen gaurko partidarako: Torro eta Moncayola. Lehena zigortuta zegoen txartel pilaketagatik; bigarrena, berriz, gaixorik egon da aste osoan, eta atzo ezin izan zuen Vigora bidaiatu. Hala, euskarrian Ruben Garcia eta Iker Muñoz aritu dira.

Euri asko egin du partida osoan, eta haizeak gogor jo du. Etxekoak hobeto zelairatu dira: baloia izan dute, eta Osasuna atzean sartuta egon da. Gorritxoei kosta egin zaie atzetik atera eta Raduren atera gerturatzea. Claudio Giraldezek zuzentzen duen taldeak 6. minutuan izan du norgehiagokako lehen gol aukera. Javi Rodriguez indartsu sartu da arean,  baina haren errematea kanpora joan da. 

Argiagoa izan da 15. minutukoa. Fer Lopezek ederki ikusi du Hugo Alvarez bakarrik zegoela, eta pase bikaina eman dio. Hura Sergio Herreraren aurrez aurre geratu da. Osasunako atezainak bikain gelditu du baloia, eta bi hankekin atera. Minutuak aurrera joan ahala, indarrak parekatu egin dira, nahiz eta oraindik ere Celtak zuen neurketaren aginte makila. 

30. minutuan, Boyomok min hartu du orkatilan, Borja Iglesiasekin lehian zebilela. Hala, Osasunak lehen aldaketa egin behar izan du. Herrrando atera du Liscik. Lehen zatia azken txanpan zegoen, eta, 35. minutuan, gorritxoek lehenengo gola sartu dute. Raul Morok erdiraketa bikaina egin du eskuinetik, eta barrutik kanporako mugimendua eginez, gol ederra sartu du Budimirrek, buruz. Kroaziako aurrelariak ederki hartu dio aurrea Starfelti. Gorritxoen aurrelaria bete-betean dabil azken boladan, azken lau partidetan lortu baitu aurkariaren atea zulatzea. Bi gol sartu zizkion Oviedori, bat Rayori, bat Vila-reali eta beste bat Celtari. Ligan 11 sartu ditu denboraldi honetan.

Golak lasaitasuna eman dio Osasunari. Hortik atsedenaldira bitarte gehiago izan du baloia, eta patxada handiagoz mugitu du. Nafarren minuturik onenak izan dira, nahiz eta ez duten aukera argirik eduki. 

Catenaren penaltia

Baina, bigarren zatia hasi eta gutxira, Celtak gola sartu du: 53. minutuan. Borja Iglesiasek ezkerrez jaurti du, eta Catena eskuan jo. Jose Luis Munuera epaileak penaltia adierazi du, baina VARetik begiratzera joateko esan diote, ikusteko ea Ruben Garciari falta egina zioten aurretik. Azkenerako, penaltia adierazteko erabakiari eutsi dio epaileak. Borja Iglesiasek jaurti du, eta berdinketa lortu. 

Osasunak ondo erantzun du. Serio eta ondo jarrita egon da zelaian. Celta kontraerasoen bidez saiatu da min egiten, baina nafarrek ondo eutsi diote. Gainera, ahal izan dutenean ez diote muzin egin erasora ateratzeari. 70. minutuan, Liscik Budimir eta Ruben Garcia kendu ditu, eta Raul Garcia de Haro eta Osanbela atera. Azkenerako, ondo atera zaio apustua.

76. minutuan, Swedbergek aukera argia izan du etxekoentzat. Aurrelariak atzean utzi du Rosier, eta indartsu errematatu. Baina Herrerak gelditu bikaina egin du berriro. Berehala iritsi da Osasunaren erantzuna, eta ezin hobea izan da, gainera. Izan ere, gola sartu du. Falta baten ostean, baloia Catenari ailegatu zaio. Atzelariak buruz jo du baloia, Marco Alonsori aurrea hartuta. Atzetik etorri, bigarren zutoinean oina sartu, eta baloia sareetara bidali du Raul Garcia de Harok (79. min)

Partidaren azken txanpan hortzak estutu behar izan ditu Osasunak. Izan ere, Giraldezek Yago Aspas zelairatu du, eta aurrelariak buruhauste dezente sortu dizkio gorritxoen atzealdeari. Bizpahiru aukera on izan ditu, baina ez du asmatu. Hala, Osasunarentzat izan dira hiru puntuak. 

Celta: Radu; Javi Rodriguez, Starfelt, Marcos Alonso; Javi Rueda (Mingueza, 67. min) Moriba, Miguel Roman, Carreira (Jones El-Abdellaoui, 83. min); Fer Lopez (Aspas, 83. min), Hugo Alvarez (Williot, 67. min) eta Borja Iglesias (Jutgla, 76. min).

Osasuna: Sergio Herrera; Rosier, Boyomo (Jorge Herrando, 31. min), Catena, Javi Galan; Aimar (Moi Gomez, 87. min), Iker Muñoz; Ruben García (Asier Osanbela, 70. min), Victor Muñoz, Moro (Bretones, 87. min); Budimir (Raul Garcia, 70. min).

Golak: 0-1: Budimirrek (35. min). 1-1: Borja Iglesiasek (53. min, penaltiz). 1-2: Raul Garcia de Harok (79. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.