Elise Chabbey suitzarrak (FDJ) irabazi du aurtengo Italiako Strade Bianche klasikoa. Azken kilometroetan lau txirrindulariz osatutako talde bat joan da aurrean, Chabbey tartean, eta Piazza del Campora igotzeko azken igoeraren amaieran bakarrik geratu da, gainontzekoek elkarri oztopo egin eta gero. Kasia Niewiadoma (Canyon SRAM), Franziska Koch taldekidea (FDJ) eta Elisa Longo Borghini (UAE) izan ditu atzetik.
Garaipen hori eskuratuta, igotzaile suitzarrak bere kirol ibilbideko garaipenik garrantzitsuena lortu du. Izan ere, Chabbey asko nabarmendu da itzulietako mendiko sailkapenetan, hainbat irabazi baititu, baina ez dauzka lasterketa asko palmaresean; iazko Erromandiako Itzulia da garrantzitsuenetako bat, baita munduko txapelketa misto ugari ere. Bada, gaurkoan klasiko handienetako bat zakuratu du suitzarrak, 33 urte betetzear dela.
Strade Bianche klasikoak bi bereizgarri nagusi ditu: asfaltorik gabeko errepideak eta Sienako (Italia) Piazza del Camporako azken igoera. Eta ia beti gertatzen den moduan, gaur ere azken malda horrek baldintzatu du garaipena. Lauko taldetxoa iritsi da igoeraren amaierara, baina Sienako kalexka estu eta aldapatsuetan, Chabbey pixka bat atzean zela, Longo Borghini, Niewiadoma eta Koch trabatu egin dira, elkar ukitu baitute, helmugatik 300 metrora.
Inor lurrera erori ez bada ere, Chabbeyk bikain jakin du besteen estropezu hori aprobetxatzen, eta aurrea hartu die trabatu direnean. Eta behin Sienako kale estu eta bihurgunetsuetan aurrea hartuta, zaila da aurreratua izatea, eta, hain zuzen ere, horrek bermatu dio Chabbeyri garaipena.