Manchester City 0-1 Chelsea

Chelsea, Txapeldunen Ligako irabazle

Londresko taldeak lortu du Europako txapelketa nagusia irabaztea Manchester City mendean hartuta. Cesar Azpilikueta nafarra, taldeko kapitaina, izan da garaikurra jasotzeko arduraduna.

Chelseako jokalariak, garaipena ospatzen. Urdinak bigarren aldiz dira txapeldun. SUSAN VERA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko maiatzaren 29a
23:22
Entzun

Chelseak irabazi du Txapeldunen Liga. Orain bi hamarkada ezinezko zirudiena benetazko bihurtu du, eta behin egin beharrean, birritan egin du: 2012an egin zuen estreinakoz, eta 2021. urtean, berriz. Ordura arte, Chelsea ez zegoen garaikur hori irabazi zezaketen taldeen mapan. Egun bai, ordea; badira bi hamarkada futbolak beste dimentsio bat hartu duela, eta diruz bizi diren taldeek loria gertuago dute orduz geroztik.

Chelsea da horren adibiderik argiena. Ingalaterrako taldeak saiakera asko egin izan ditu, baina gutxitan lortu du nagusitzea. Gaur egin du, bigarren aldiz: Manchester City mendean hartzea lortu du, eta horrela eskuratu du bigarren belarri handia.

Halaxe deitzen diote Txapeldunen Ligari. Huraxe da Europako futbolaren altxorrik preziatuena. Pentsa; Chelseak Manchester City izan du arerio, Josep Guardiola teknikari duen taldea. Hain justu, Txapeldunen liga irabazi asmoz joan zen Guardiola Manchester Cityra, baina ez du lortu. Inoizko gertuen izan duenean ere.

Tomas Tuchel izan zen entrenatzaile txapelduna, ordea: haren kuadrillak ondo armatu zuen taldea, finala jokatzeko, eta nagusitu egin dira. Entrenatzaile alemaniarrak loria dastatu diu orduan. Bere herrialdean hasi zuen bidea, Mainz O5 taldean, eta Chelsearekin lortu du Europako garaikur nagusia. Tartean, Realak ere izan zuen hura fitxatzeko aukera, 2015ean. Azkenerako, David Moyes lotu zuten txuri-urdinek. Europatik urrun ibili ziren.

Ez, ordea, Tuchel. Belarri handia lortu du arerio zuzen baten kontra. Egia esatera, lehen zatian nagusi izan da Chelsea. Sekula irabazi gabeko talde baten aurrean nagusitasunez aritu da. Agerian geratu da hori urdinen golean. Eskuin hegaletik erasora egin dute Tuchelen jokalariek, eta, atzeko lerroan zulo galanta aurkitu dute. Mount izan da erasora egiten lehendabizikoa; hark Havertzi eman dio pasea, eta aurrelariak ez du barkatu. Izkin egin dio Enversoni, baloia sareetara botatzeko. Lehen zatiko 42. minutuan izan da.

Hortik aurrera, estilo talka  nabaritu da Portoko (Portugal) Do Dragao zelaian. Pep Guardiolak akaberara arte eraman nahi izan du Manchester Cityren saikera, Txapeldunen Liga estreinako aldiz eskuratzeko, baina alferrik izan du.

Minutuek aurrera, jokoak makaltzera egin du. City saiatu da jokoa bizkortzen, baina ezin izan du. Guardiolari aldaketek ez diote lagundu. Aldiz, Chelseak inozko biderik bizkorrena baliatu du garaipenerako. Bigarren zatian arerioari eustea nahikoa izan du finala irabazi eta bigarren garaikurra eskuratzeko.

Azken hamar minutuetan, Manchester City saiatu da partidaren gidoia goi-behe aldatzen. Ez du lortu, ordea. Gol bateko abantaila baliatu du Chelseak nagusi izateko. Hori bai, estutasun ederrik izan dute Citykoen zaleek. 89. minutuan partida berdintzeko aukera bikaina izan dute Manchesterrekoek, baina ate aurrean ez dute asmatu. Zazpi minutko luzapenean saiatu dira bi taldeak, baina Chelseak ondo kontrolpean izan du egoera. Azkenerako, Londreskoak izan dira nagusi. Beren historian bigarren aldiz lortu dute Txapeldunen Liga irabaztea. Distira gutxiko partida  batek eman die garaipena. Azken finean, Ingalaterrako futbola irudikatu dute Chelseakoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.