Futbola

Clementek baieztatu du Libiara joango dela selekzioaren ardura hartzeko

Euskal Selekzioko hautatzailea Nazioen Afrika Koparako sailkapen fasea prestatzen hasiko da Libiako selekzioarekin.

Clemente, apirilean, elkarrizketa batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko maiatzaren 27a
17:04
Entzun

Javier Clemente gizonezkoen Euskal Selekzioko hautatzaileak Onda Vasca irratian jakinarazi duenez, datozen orduetan Libiara joango da hango futbol ligako partidak ikusi eta Libiako selekzioak ekainaren 19an Sudanen aurka jokatuko duen partida prestatzeko. Izan ere, Euskal Selekzioaren hautatzaile izateaz gain, Libiako selekzioko hautatzaile ere izango da.

Oraindik ez dute aurkeztu Libian hautatzaile gisa. Hitz egiten ari zirela jakina zen, baina Clementek berak gaur esandakoek baieztatzen dute berriro hartuko duela Afrikako selekzio horren ardura. Lehenago ere Libiako hautatzaile izan zen barakaldarra, eta, hura aulkian zela, 2014an Nazioen Afrika Kopa irabazi zuen Libiak, selekzio horren titulu bakarra.

Clementek 2019ko martxoan hartu zuen Euskal Selekzioaren ardura. Bi partida jokatu ditu selekzioak bere aginduetara: kargua hartu eta bi hilabetera, Euskal Selekzioak Panaman jokatu zuen partida bat, eta 0-0 berdindu zuten; 2020ko azaroan, berriz, 2-1 irabazi zion Costa Ricari.

Orain, berriz, Libiarekin 2022ko Nazioen Afrika Kopa prestatzen hasiko da Clemente. Qatarren jokatuko da, et libiarrek abuztuan hasiko dute sailkatzeko fasea: Egipto, Gabon eta Angolarekin lehiatuko dira, eta lauetatik lehena geratzen dena soilik sailkatuko da txapelketa jokatzeko.

Euskadiko Futbol Federazioak ez du adierazpenik egin Clementeren izendapenaren inguruan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.