Gauzak hobeto doaz Miarritzen. Joan zen asteko garaipenarekin (Akizeren aurka 44-13) hiru dira lapurtarrek azken lau partidetan irabazitako lehiak. Lau norgehiagoka horietatik Briven aurka galdu du Miarritzek, eta Castres, Tolosa eta Akize mendean hartu ditu. Azken bolada ona da, ezbairik gabe, miarriztarrentzat. Alta, Top 14an bost, eta txapelketa guztiak zenbatuz bederatzi, porrot jarraian bildu eta gero, urte hasierako helburuetatik urrun dago Agilerako hamabostekoa.
Heineken Koparako txartela zazpi puntura du oraingoz talde zuri-gorriak. Bi garaipeneko aldea da, gutxi gorabehera, zazpi puntukoa. Horrelako berantarekin, eta Top 14ko fase erregularra bukatzeko sei partida falta direlarik, etxean ezin du galdu Miarritzek. «Urrunetik abiatzen gara. Garrantzitsuena dinamika hori mantentzea da. Partidaz partida aitzina goaz», dio Philippe Bidabe, bere kontratua luzatu berri duen Miarritzeko erdiko kanboarrak.
Eginbeharra zaila du, beraz, Miarritzek. Are eta gehiago jakinda Agilerara etorriko den aurkaria ez dela edonolakoa. Clermontek azken bi urteetako Top 14ko finalak jokatu ditu, eta aurtengo finalerdiak jokatzeko ongi kokatuta dago, laugarren postuan.«Talde handia da. Haien garaipenaren kultura ezagutzen dugu. Oso mesfidati gaude haien aurka jokatu baino lehen», eransten du Damien Traille Miarritzeko erdikoak. Lan zaila dute miarriztarrek, eta hori badakite: «Heineken koparako ezin dugu hutsik egin. Badakigu zaila izanen dela sailkatzea, baina ez badugu lortzen, dena emanda eroriko gara», esan du Bidabek.
Bi izarrak falta
Clermont aurkari zaila izanen da, dudarik gabe. Baina Michelin errotagilearen hiriko taldea ahulduta jinen da Euskal Herrira. Orotara, 11 dira Clermonten faltako diren jokalariak. Hutsunerik aipagarriena Napolioni Nalaga, Top 14ko entsegugile onena den hegaleko fijiarrarena da. Nalaga Dubain dago, bere selekzioarekin zazpinakako errugbi torneo bat jokatzen. Miarritzen ere, Takudzwa Ngwenya estatubatuarrak ez du jokatuko. Ngwenya Top 14koentsegugile onenetan bigarrena da, Nalagaren gibeletik, eta bera ere Dubain dago. Agilerako publikoak Top 14ko bi izar nagusien arteko lehia ezin izango du ikusi, Dubaiko petrodolarren erdian egonen baitira, haien selekzioekin torneoa jokatzen.
Clermonten malurrak miarriztarren pozak izan daitezke, talde mixtoa zelairatuko baitu Vern Cotter hori-urdinen Zelanda Berriko entrenatzaileak. Eskarmentuzko jokalariak hor izanen dira: Rougerie, Ledesma, Bonnaire etaVermeulen. Baina Top 14an esperientzia gutxi duten jokalari anitz ere hasieratik ariko dira Miarritzen. Esaterako, Radozjevic, Lapandry eta Domingo.
Miarritzek, berriz, bere talderik onena zelairatuko du. Berriki Marc Lievremontek Frantziako selekziora deitutako Thion, Traille eta Barcella hor izanen dira etxekoen maila igotzen laguntzeko.
MIARRITZE-CLERMONT
Miarritze. Barcella, August, Bourrust; Thion (kap.), Carizza; Vahafolau, Hariñordoki, Cronje; Yachvili, Peyrelongue; Bidabe, Traille, Tranier, Bolakoro; Brusque. Ordezkoak. Noirot, Coetzee, Hall, Lund, Som, Cibray, Courrent.
Clermont. Domingo, Ledesma, Scelzo; Pierre, Privat; Bonnaire, Vermeulen, Lapandry, Radosjalevic, James; Russell, Canale, Joubert, Rougerie (kap.); Floch. Ordezkoak. Cabello, Debaty, Samson, Etien, Fofana, Garcia, Bai, Ric.
Epailea. Jerome Garces.
Lekua. Miarritzeko Agilera estadioa (12.500 ikusle).
Orena. 16:30ean (Fr. Canal Plus).
Clermonteko azterketa
Miarritzek hobeki dabilela erakusteko aukera dauka Agilerarat Clermont laugarren sailkatua heldu baita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu