Chris Coleman entrenatzaileak 'aski da' esan eta Reala utzi duela jakinarazi du gaur arratsaldean. 16:30ean lehen taldeko jokalariei eman die albistea, Zubietan, eta 17:00etik prentsaurrekoa ematen ari da. Ez du kalte-ordainik jasoko -hiru urteko kontratua zeukan-. Dimisioaren albistea eguerdian aurreratu du Euskadi Irratiak.
"Triste utzi dugu kargua [Steve Kean bigarren entrenatzaileak ete biek], klub hau zoragarria delako, baina une zaila bizitzen ari da. Badiola iritsi denetik, gauzak aldatu egin dira, kluba ikusteko eta lana egiteko bi era daudelako", esan du Colemanek. Haren arabera, Iñaki Badiola denetik Realeko presidente -urtarrilaren 3tik-, klubak "kudeaketa eta eredu" desberdinak dauzka. "Eskerrak" eman dizkie jokalariei; batik bat, Mikel Aranburu kapitainari. Ez du galderarik onartu agerraldian.
Badiolarekin desadostasunak izan ditu lehen taldeaz, beraz. Badiolak entrenatzaileari esan dio beste bi jokalari fitxatu dituela -defentsa bat eta euskarri bat-, eta Coleman ez da ados azaldu. Lehengo astean Fran Merida ezker erdilaria ekarri zuen presidenteak -gaur Jose Luis Marti euskarria-. Lehengo astean bertan entrenatzaileak eta Badiolak bilera egin zuen, eta aurrenak ekipoan segitzea erabaki zuen.
Javier Iruretagoiena fitxa dezake Badiolak orain lehen taldearen entrenatzaile posturako. Azkeneko sei denboralditan hamar entrenatzaile izan ditu Realak.
Udaran fitxatu zuen Colemanek Realarekin, eta taldea une hauetan Espainiako Bigarren A Mailan bosgarren postuan da, igoera postutik puntu batera. Espainiako Kopan aurrenekoan joan zen kalera.
37 urte ditu entrenatzaileak, eta Swansean (Gales) jaioa da. Realera etorri aurretik, lau urte egin zituen Fulham Ingalaterrako Lehen Mailako taldea zuzentzen: 2003ko apiriletik iragan apirilera. Ligako 176 partidatan zuzendu zuen Fulham: 61 irabazi ditu, 71 berdindu eta 44 galdu. Aurretik Swansea City, Crystal Palace, Blackburn Rovers eta Fulham taldeetan jokatu zuen, baita Galesko selekzioan ere, John Toshacken aginduetara.
Aspalditik ezagutzen du Donostia Colemanek; 1987tik, Swansearekin lagunarteko partida bat jokatu zuenetik. Realera "turismoa egitera ez" zela etorri zioen joan den uztailean. "Gure erronka Ligako Lehen Mailara igotzea da". Zer behar zuen azpimarratu zuen: "Lana, talentua eta giro ona beharko ditugu igotzeko. Ez dut izarrik nahi. Gure arrakasta Zubietan mamituko da. Arrakasta ez da fitxaketei esker lortzen, etxekoekin egindako lanari esker baizik. Horregatik, taldearen bizkarrezurra etxekoa izango da. Eta horri Realean jokatu nahi duten kanpoko lauzpabost jokalari gehitu beharko genizkioke. Nik Zubietara begiratuko dut une oro".
Esandakoa bete egin du, lehen taldean oinarri etxeko jokalariak direlako. Badiolaren ideia berriek hautsi dute haren asmoa.
Futbola
Colemanek Reala utzi du
Ez dago ados Iñaki Badiola presidentearen "lan erarekin", eta gaur arratsaldean jakinarazi du albistea prentsaurrekoan. "Triste" utzi du kargua. Harrobiarekin lan egiteko hitza eman zuen entrenatzaileak, eta hitza bete egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu