Txirrindularitza / Euskal Herriko Itzulia

Contadorrek irabazi du lehen etapa, Legazpin

Deskargan erraz egin du ihes Tourreko azkeneko irabazleak, eta Mosquera atzean utzi du gero. Zortzi segundoko aldea kendu dio tropel nagusiari. Bihar Erandion bukatuko da etapa.

2008ko apirilaren 7a
18:31
Entzun
Alberto Contadorrek (Astana) Frantziako Tourreko azkeneko irabazleak lortu du gaur arratsaldean Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa: Legazpi-Legazpi (137 kilometro). Hura da, beraz, probako lehen liderra. Deskargan jo du erasoa, etaparen bukaeran, Ezequiel Mosquera (Karpin) harrapatu eta atzean utzi du, eta nagusitasuna erakutsi du. Zortzi segundora heldu da tropel nagusia.

Contadorrek aurkeztu du, hortaz, itzulia eskuratzeko hautagaitza. Euskal Herriko Itzulian 2005ean ere irabazi zuen etapa bat. Aurten, laugarren garaipena du.

Egoi Martinez (Euskaltel-Euskadi) eta Iban Mayoz (Karpin) izan dira etapako lehen protagonistak, kilometro asko egin baituzte ihes eginda: 20.enean alde egin dute -Mickael Buffazekin (Cofidis)- eta hamalau falta zirela harrapatu dituzte; hiru minutuko aldea izan dute gehien.

Haiek harrapatu eta Deskarga bigarren mailako mendatea igotzen hasi da tropela. Mosquerak erasoa jo du, baina Contadorrek harrapatu egin du gain-gainean. Bederatzi segundoko aldearekin pasatu dira biak. Sei kilometro falta ziren helmugarako, eta handik laura atzean utzi du Contadorrek.

Mosquera heldu da bigarren helmugara, hiru segundora. David Herrero (Karpin) izan da tropel nagusiko aurrena.

Bihar korrituko dute itzuliko bigarren etapa: Legazpi-Erandio, 153 kilometrokoa. Mendateak: Ixua (1. mailakoa, 46. kilometroan), Gontzarigaina (3.ekoa), Bizkaiko Behatokia (3.ekoa), Morga (3.ekoa) eta Unbe (3.ekoa, 114. kilometroan). 13:10ean hasiko da etapa.

Larunbat arratsaldean bukatuko da proba, Orio-Orio erlojupekoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.