Maiatzarekin batera iritsiko da Espainiako Vuelta, hiru itzuli handietan lehenengoa. Gainera, aurten, lehen aldiz, zazpi etapa izango ditu Vueltak. Guztira 730 kilometro egingo dituzte, eta amaiera gogorra izango du lehiak, Covadongako aintziretan; ezin hobea ikuskizunerako. Ibilbide propioa izango du, eta gizonezkoen Vuelta baino hiru hilabete lehenago jokatuko da. Taldekako erlojupeko bat eta hiru mendiko etapa izango ditu. Faborito nagusia Annemiek van Vleuten (Movistar) izango da, azken bi aldietako irabazlea. Hala ere, aurkari handiak izango ditu Herbehereetakoak aurrez aurre.
Taldekako erlojupeko batek zehaztuko du Vueltako lehen liderra nor izango den. Torrevellako kaleetan zehar egindako etapa motza eta teknikoa izango da, eta lehen alde txikiak ikusiko dira faboritoen artean. Asteartean eta asteazkenean, tropelak aukera asko izango ditu esprintean iristeko, eta egun lasaiak izan daitezke aurretik iritsiko zaizkien mendiko etapen aurretik. Asteartean, laugarren mailako mendate bat izango dute amaieran, arrisku handirik gabea; asteazkenean, haizea izango da arriskurik handiena. Oso ohikoa izaten da Albaceten, eta taldeek ondo babestu beharko dituzte faboritoak. Baliteke ostegunean ere esprinta egotea, Cuencatik Guadalajararako etapan, baina taldekideek lan egin beharko dute horretarako, ihesaldiak bidea eginez gero helmuga ez duelako urruti izango.
Gatza eta piperra, amaieran
Ostiraletik igandera ikusiko da benetako sua tropelean. Ostiralean, Peñas Llanas behalekuan amaituko da etapa, Riaza herrian, baina, aurretik, Navafriatik igaroko da tropela. Mendate horretan lasterketa guztiz apurtzeko arriskua izango da, eta baliteke faboritoetako batzuk atzerapenarekin iristea eguneko azken mendatera. Larunbatean, berriz, bigarren mailako bi mendateri aurre egin beharko diete ziklistek. Zenbait taldeburu mugitzen ahaleginduko dira, baina litekeena da faborito gehienak elkarrekin iristea, eta helmugan esprint txiki bat ikustea litzateke logikoena. Antolakuntzak azken egunerako utzi du etaparik gogorrena, Covadongako aintzira historikoetarako lehenengo igoera izango baita. Hango aldapa bihurrietan piztuko da sua, eta baliteke aurreko jardunaldietan pilatutako alde guztiek ezertarako balio ez izatea.
Faboritoen artean nabarmenduena Van Vleuten izango da. Iragan sasoian Vuelta, Italiako Giroa, Frantziako Tourra, eta Munduko Txapelketa irabazi ostean, ezin da bestela izan. Udaberriko klasikoetan ez da maila bikainean aritu, baina astebeteko itzulietan eman ohi du bere onena. Oraindik talde guztiek ez dituzte eman lehiatuko diren txirrindularien behin betiko zerrendak, baina pentsa daiteke aurkaririk arriskutsuena Demi Vollering (Sd Worx) izango dela. Van Vleutenen herrikideak Ardenetan historia egin berri du, hiru klasikoak irabazita, eta bolada gozoan da. Hala ere, ikusi beharko da zazpi eguneko itzuli batean zer moduz aritzen den. Jakinarazpen ofizialen esperoan, beste faborito nagusiak Elisa Longo Borghini (Trek), Mavi Garcia (UAE) eta Marta Cavalli (FDJ) izango dira. Euskal txirrindularitzak ere izango du ordezkaritza. Txirrindularirik nabarmenenak Ane Santesteban (Jayco) eta Lourdes Oiarbide (Movistar) izango dira. Hala ere, hiru euskal talde egongo dira gonbidatutako taldeen artean, denak Kontinental mailakoak: Laboral Kutxa, Bizkaia Durango eta Sopela.
Covadongan erabakiko da Vuelta aurten
Lehenengo aldiz, zazpi etapa izango ditu Espainiako Vueltak. Annemiek van Vleuten iazko garailea da faborito nagusia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak