laburrak, esanak, datuak

Cristiano Ronaldo: "Bakarrik sufritzeko eskubidea daukat"

2010eko ekainaren 30a
08:08
Entzun
LABURRAK

- Decok Portugaleko selekzioa utzi du. Anderson Luiz de Sousa Deco jokalariak jakinarazi du Portugaleko selekzioa uztea erabaki duela. "Arrazoi pertsonalak" laga du. Mundialean apenas jokatu duen. Taldea atzo geratu zen txapelketarik kanpo. Deco 2004an Eurokopako txapeldunorde izan zen Portugalekin, 2006ko mundialean laugarren. 33 urte beteko ditu abuztuan. Gaur egun Chelsean jokatzen du, Ingalaterrako Ligan.

- Undiano Mallencok mundialean segitzen du. Alberto Undiano Mallenco epaile nafarrak Munduko Kopan segitzen du, FIFAk hala erabakita. Orain ikusi egin behar zer partida emango dioten. Bi zuzendu ditu orain arte. FIFAk etxera bidali ditu Ingalaterra-Alemanian eta Argentina-Mexikon huts galantak egin zituzten epaileak: Jorge Larrionda uruguaiarra eta Roberto Rosetti italiarra.

- Buruan tiroa jaso zuen jokalariari eskaini dio sailkapena Paraguaik. Salvador Cabañas Paraguaiko jokalaria Hegoafrikako Munduko Kopan egongo zen bere selekzioarekin, baldin eta urtarrilean buruan tiro bat jaso ez bazuen. Oso larri zauritu zuten, eta orain selekziokideek final-laurdenetako sailkapena hari eskaini diote. Mundialera sartzeko fasean Cabañas bera izan zen Paraguaiko golegile nagusia.

- Talde askok nahi dituzte Matsui eta Honda. Final-laurdenetatik kanpora gelditu da azkenean Japongo selekzioa, baina bertako jokalari askok emandako itxura txukuna ez da oharkabean pasatu jokalari berrien bila dabiltzan taldeentzat. Daisuke Matsui erdilaria da horietako bat. Sei talderen eskaintzak jaso ditu egunotan, eta Espainiako Ligako Deportivok egindakoa da horietako bat, Frantziako Ligako Monakok egindako beste batekin batera. Grenoblen ari da egun, eta St. Etiennen aritutakoa da. Keisuke Honda taldekideak ere izan ditu egunotan eskaintzak. CSKA Moskun ari da egun, baina Ingalaterrako Ligako Manchester Cityk, Arsenalek eta Liverpoolek ere fitxatu nahi dute.

ESANAK

- Cristiano Ronaldo (Portugaleko jokalaria). "Sufritzen ari naiz, eta bakarrik sufritzeko eskubidea daukat".

- Leo Messi (Argentinako jokalaria). “Duela lau urte aulkian egon nintzen Alemaniaren aurka. Orain dut aukera”.

- Carlos Dunga (Brasileko hautatzailea). “Arlo denetan dugu hobetu beharra”.

- Robinho (Brasileko jokalaria). “Herbehereak-Brasil final-laurdena klasiko bat da, final bat bezalakoa”.

- Bert Van Marwijk (Herbehereetako hautatzailea). “Talde heldua eta egonkorra da Brasil”.

- Diego Forlan (Uruguaiko jokalaria). "Ghana jokalari azkarrak eta indartsuak ditu, baina ez dauka jokalari aipagarririk”.

- Stephen Appiah (Ghanako jokalaria). "Guk badakigu gure taldean ez dauzkagula hogei Maradona, baina guztiok bat eginda gaude, eta arrakasta, lortzekotan, horri esker lortuko dugu".

- Iker Casillas (Espainiako selekzioko jokalaria). "Oraindik ez dugu ezer egin".

- Vicente del Bosque (Espainiako selekzioko hautatzailea). “Gure mutilek historia egin nahi dute”.

- Gerardo Martino (Paraguaiko hautatzailea). “Ez nintzateke animatuko esatera final-laurdenetara pasatzea denik nire lorpenik handiena”.

DATUAK

- Lehen atseden eguna, gaur. Ekainaren 11n hasi zen Munduko Kopa, eta gaur da txapelketako lehen atseden eguna, partidarik gabeko aurreneko eguna.

- Ghanaren kontrako lehia, AEBetan gehien ikusitakoa: 19,4 milioi ikusle. Joan den larunbatean AEBek eta Ghanak jokatutako final-zortzirenetako partidak ikusle datuetan errekor guztiak apurtu zituen AEBetan. 19,4 milioi estatubatuarrek ikusi zuten lehia, ESPN kateak zuzenean emanda. Aurreko errekorra 18,1 milioi ikusletan zegoen. AEBetan bertan jokatutako Munduko Kopako finalak zeukan, Brasilek eta Italiak jokatutakoak. Beisbolak 19,1 milioi lortu izan ditu batez beste, eta NBAk, 18,1 milioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.