444 kilometro koadro eta 185.000 biztanle inguru ditu Karibeko Curaçao uharteak. Beste modu batera esanda: Erronkaribarren (Nafarroa) neurria du, eta Donostiak adina biztanle. Euskal Herria ia 50 aldiz handiagoa da hura baino. Txikia da Curaçao, baina ez eskasa. Futbolean erakutsi berri du: Munduko Kopa jokatzeko sailkatu da, lehen aldiz. Hori egin duen herrialderik txikiena da, baita biztanle gutxien dituena ere. Gaur egingo du estreinakoa, Houstonen (AEB), Euskal Herriko arratsaldeko zazpietan. Ez du nolanahiko debuta izango, Alemaniaren aurka jokatuko baitu.
Curaçaok hamabost urte baino ez daramatza Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA) antolatutako txapelketetan ofizialki lehiatzen. Izan ere, 2010era arte Holandarren Antillen parte izan zen. Gaur egun, nahiz eta herrialde autonomoa izan, Herbehereetako Erresumaren parte da, eta hango biztanleek Herbehereetako herritartasuna ere badute. Horregatik ere arrastoa utziko du Curaçaok Munduko Koparen historian, 1938az geroztik lehenbiziko aldia baita independentea ez den herrialde batek Munduko Kopan selekzioa izango duena, Erresuma Batuko nazioak alde batera utzita. Ekialdeko Herbeheretar Indietakoa izan zen lehena. Selekzio horrek 1938ko Frantziako Munduko Kopa jokatu zuen. Gero, independentzia lortu ondoren, Indonesiako selekzioa bihurtu zen.
Jokalari bakarra da bertan jaioa
Curaçaoren eta Herbehereen arteko harremana oso estua da, eta selekzioa da horren adibide argia: Munduko Kopan ariko diren 26 jokalarietatik bakarra jaio da Curaçaon. Beste 25ak, berriz, Herbehereetan jaio dira. Tahith Chong da irla txiki horretan jaio den bakarra; zehazki, hiriburuan, Willemstaden. Hala ere, oso gazte joan zen Herbehereetara, Feyenoordera. Gutxi egon zen han, Manchester Unitedek fitxatu baitzuen. Lehen bi sasoietan hamasei partida jokatu zituen, baina, gero, utzita aritu zen Alemaniako ligan (Werder Bremenen), Belgikakoan (Brujasen) eta Ingalaterrakoan (Birmingham Cityn). Azken herrialde horretan aritu da azken bost denboraldietan. Gaur egun, Sheffield United Ingalaterrako Bigarren Mailako taldeko jokalaria da. Hura da selekzioko izarra.
Chong eta Curaçaoko selekzioko beste hainbat jokalari Herbehereekin aritu ziren gaztetan, baina ez zuten lortu azken koska igo eta selekzio nagusiarekin jokatzea. Ate hori itxita, leiho bat ireki zitzaien: Curaçaorekin jokatzea, eta barrura sartu ziren. Hango federazioak lan handia egin du gazteak konbentzitzen. «22 urteren ostean, osatu dugu 2004an hasi genuen egitasmoa. Oso polita da hori, eta mundu osoan bizi diren curaçaotarrei eskaintzen diegu lorpen hau, baita gure herrialde maite dutenei ere. Txikiak gara tamainan, baina bihotz eta arima handikoak», esan du Gilbert Martina Curaçaoko Futbol Federazioko presidenteak.
Curaçaok egin duen bide horretan, zeresan handia izan dute Herbehereetako hautatzaileek. Lehenbizi, Patrick Kluivertek —hark ere Curaçaorekin jokatu zezakeen, hangoa baitu ama—; gero, Guus Hiddinkek —haren esanetara, gutxigatik ez zen sailkatu Curaçao 2022ko Qatarko Munduko Koparako—; eta, orain, Dick Advocaatek. Azken horren aginduetara sailkatu da Curaçao lehen aldiz Munduko Koparako. Lan bikaina eginda sailkatu ere, hamar partida jokatu eta bakar bat ere ez baitu galdu: zazpi irabazi ditu, eta hiru berdindu. Jamaika eta Trinidad eta Tobago dira bidean utzi dituen selekzioetan aipagarrienak. Advocaatek beste marka bat ezarriko du, hura baita munduko koparen historian inoiz aritu den hautatzailerik helduena: 79 urte beteko ditu irailean.
Curaçaok sailkapen fasean baino askoz lan zailagoa izango du orain. Alemaniarekin, Boli Kostarekin eta Ekuadorrekin batera ariko da, E multzoan. Sekulako ezustekoa litzateke Curaçao final-hamaseirenetarako sailkatzea. Gaur-gaurkoz, 82. postuan dago FIFAren sailkapenean. Azken-hirugarrena da Munduko Kopan ariko diren selekzioen artean: Haiti (83. postuan) eta Zeelanda Berria (85.ean) baino ez ditu atzetik. Hala ere, gertatzen dena gertatzen dela, Curaçaok jada arrastoa utzi du futbolaren historian.