Munduko Kopa

Curaçaok bere historiako lehen puntua eskuratu du Ekuadorren aurka berdinduta

Eloy Room atezainaren partida bikaina izan da gakoa. Alemania final-hamaseirenetan da Boli Kostari irabazita, eta Japoniak eta Herbehereek egurra eman diete Tunisiari eta Suediari, hurrenez hurren.

Curaçaoko jokalariak berdinketa ospatzen, bart, Kansas Cityn. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Curaçaoko jokalariak berdinketa ospatzen, bart, Kansas Cityn. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko ekainaren 21a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Curaçao zeresana ematen ari da: inoiz Munduko Kopa jokatu duen herrialde txikiena dela batetik, elastiko politena haiena dela bestetik...  baina, gaur, Venezuelaren iparraldean kokatzen den uharte horretako selekzioak erakutsi du futbolean jokatzen ere badakiela, eta inork ez diola oparitu Munduko Koparako txartela: hutsean berdindu du Ekuadorren aurka, eta egoera txarrean utzi du Caicedo, Valencia eta konpainiaren selekzioa.

Curaçaoren balentriak protagonista argia izan du: Eloy Room atezaina. Hamabost geldiketa egin ditu Kansas Cityn (AEB) jokatu den neurketan, eta euren onetik atera ditu aurkariak. Ekuadorren setioa etengabea izan da partida osoan, gola lehenago edo geroago iritsiko zela zirudien, baina ez da hala izan, eta, tartean, bigarren zatian, Curaçaok ere izan du gola sartzeko aukera hirukoitz bat. Horixe bakarrik falta izan zaio festa biribiltzeko.

ALEMANIA 2-1 BOLI KOSTA

Alemaniako jokalariak Undaven bigarren gola ospatzen, garaipenarena. EDUARDO LIMA / EFE
Alemaniako jokalariak Undaven bigarren gola ospatzen, garaipenarena. EDUARDO LIMA / EFE

E multzoko beste partidan, Toronton (Kanada), final-hamaseirenetarako txartela ziurtatu du Alemaniak. Gogotik sufrituta: Kessieren gol bati esker, irabazten hasi da Boli Kosta, eta Alemaniak Deniz Undavek 94. minutuan sartutako golarekin eman dio buelta markagailuari. Stuttgarteko aurrelariak sartu du Mannschaft-en lehen gola ere, 60. minutuan, aulkitik zelaira atera berritan.

Gaurko emaitzei esker, Alemania izango da multzoko lehen sailkatua. Boli Kostak, berriz, Curaçaoren kontra puntu bat gutxienez eskuratu beharko du bigarren postua lortzeko.

HERBEHEREAK 5-1 SUEDIA

Summerville bere gola ospatzen, bart, Houstonen. SAM WASSON / EFE
Summerville bere gola ospatzen, bart, Houstonen. SAM WASSON / EFE

F multzoan, indar erakustaldi bana egin dute Herbehereek eta Japoniak. Lehen jardunaldian elkarren aurka berdindu zuten, ez zituzten uxatu zalantzak, baina bestelakoa egin dute gaur. Bereziki, Ronald Koemanen Herbehereek, Suediari 5-1 gailenduta Houstonen (AEB).

Bina gol sartu dituzte Cody Gakpok eta Brian Brobbeyk, eta beste bat Crysencio Summervillek. Hasiera-hasieratik hartu dute aurrea, gainera: 5. minutuan heldu da lehen gola, eta 15.ean bigarrena. Bigarren zatian are gehiago zabaldu dute tartea, eta ondo bideratua utzi dute final-hamaseirenetarako bidea.

Japonia 4-0 Tunisia

Japoniako zaleak garaipena ospatzen, pozarren, Tokion. FRANCK ROBICHON / EFE
Japoniako zaleak garaipena ospatzen, pozarren, Tokion. FRANCK ROBICHON / EFE

Tunisia Munduko Kopatik kanpo geratu da. Take Kubo Realeko jokalaria gabe, Japoniak egurra eman dio Afrikako selekzioari Monterreyn (Mexiko). Lehen zatian Kamadak eta Uedak sartu dituzte golak, eta, bigarrenean, Itok eta, berriz ere, Uedak.

Japonia hobea izan da partida osoan. Une oro kontrolpean izan du neurketa, eta ezinean aritu da Tunisia. Azken jardunaldiaren faltan, ikusteko dago F multzoko lehen hiru postuak nola banatuko dituzten Herbehereek, Japoniak eta Suediak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA