Futbola

Damaris Egurrolak hartu du erabakia: Herbehereekin jokatuko du

«Nire ama Herbehereetakoa da, han hazi nintzen, eta hara bidaiatzen genuen udaro. Etxean bezala sentitzen naiz han», azaldu du Egurrolak. Athleticen harrobiko jokalariak aspaldi egin zion uko Espainiarekin jokatzeari.

Egurrola Herbehereetako selekzioko kamisetarekin, gaur sareetara igo duen irudi batean. DAMARIS EGURROLA
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 29a
17:27
Entzun

Erabakia zuen lehendik, eta gaur iragarri du: Damaris Egurrolak (Orlando, Ameriketako Estatu Batuak, 1999) Herbehereetako selekzioarekin jokatuko du. Athleticen bost urtez ibilitako jokalariak Espainiarekin jokatu zuen azpiko kategorietan, baina Jorge Vilda hautatzailearekin ika-mika bat izan ostean erabaki zuen haiekin gehiago ez jokatzea. Egurrolak hiru selekziorekin jokatzeko aukera zuen; aita euskal herritarra du, ama herbeheretarra, eta bera AEBetan jaioa da.

Herbehereetako selekzioak gaur jakinarazi du Lyongo jokalaria hautatu duela Munduko Txapelketarako sailkatzeko jokatuko dituen neurketetarako, Txipreren eta Hegoafrikaren aurka, datorren hilean. Jokalariak, BBCri egin dizkion adierazpen batzuetan aitortu duenez, «prozesu luzea» izan da, baina erabaki bat hartu beharra zuen. Hartutakoarekin pozik agertu da: «Uste dut mundu guztiak dakiela Herbehereetakoa Europako selekziorik onenetako bat izan dela azken urteetan. Mugarik gabeko talde bat da, eta uste dut ondo hartuko nautela», adierazi du.

Azaldu du erabakia hartzera zerk bultzatu duen ere: «Asko eskatzen diot neure buruari, eta banuen gogoa txapelketa handiak jokatzeko. Herbehereetako selekzioko kideek interes handia erakutsi zidaten, eta horrek erakarri ninduen». Ez horrek bakarrik: «Nire ama Herbeheretakoa da, han hazi nintzen, eta hara bidaiatzen genuen udaro. Etxean bezala sentitzen naiz han», gehitu du.

Erabakia ez du gaur hartu. BERRIAk duela bi hilabete elkarrizketatu zuen Egurrola, eta orduan esan zuen aukeratu zuen selekzioko hautatzailea eta federazioa jakinaren gainean zeudela.

Egurrolak 22 urte eskas ditu, baina ibilbide oparoa egin du futbolean. Bost urtez jokatu zuen Athleticen lehen taldean, handik Evertonera joan zen, eta iaz heldu zen Lyonera, munduko talderik onenetako batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.