«Aspalditik amets bat daukat: Frantziako Tourreko maillot berdea irabaztea. Tourreko sentsazioak edukitzeko aukera eman dit lasterketa honek, nahiz eta, tamalez, aurten ez naizen han izango». John Degenkolb alemaniarraren (Highroad) hitzak dira. Dauphine Libereko bi etapa irabazita, hazita dabil esprinterra. Puntako esprinterrak daude Dauphinen, Tyler Farrar (Garmin-Cervelo) tartean. Baina guztien gainetik eroso dabil Degenkolb. Atzo, laugarren etapan, bigarrenez, bi besoak altxatuta helmugaratu zen. Ikusgarria da esprintetan, gorputz guztiarekin kolpeka egiten duelako muturreko ahalegina.
Adriano Malori (Lampre) eta Jeremy Roy (Francaise des Jeux) saiatu ziren ihesean, baina erraz kontrolatu zuten ihesaldia esprinterren taldeek. Helmugara iristeko 2,5 kilometro falta zirenean harrapatu zuen tropelak bikotea, eta azken metroetan beste erakustaldi bat eman zuen Highroadeko alemaniarrak. «Nahiz eta ez nindoan hain ondo kokatuta». Bradley Wigginsek (Sky) jarraitzen du lider, 1.11 minutura dago Cadel Evans (BMC), eta 1.21era Janez Brajkovic (RadioShack).
Vos jarri da lider Biran
Asteartean Durangon erakutsi zuen sasoi betean zegoela, eta atzo ere, Emakumeen Birako lehen etapan, beste kolpe bat eman zuen Marianne Vos herbeheretarrak (Nederland Bloeit), orain hiru urteko garaileak. Iurretan hasi eta bukatu, 75,3 kilometro zeuzkan Birako lehen etapak, eta Aretxabalagane hirugarren mailako mendatea zen eguneko zailtasun bakarra. Esprinterren taldeek eta itzulia irabazteko faborito direnen taldeek kontrolpean izan zuten une oro lasterketa, eta esprintean amaitu zen etapa. 42 txirrindulari iritsi ziren lehen talde horretan, eta tartean zen Eneritz Iturriagaetxebarria (Lointek). Vos bera lider dela, Iurreta eta Lekeitio artean, bigarren etapa izango dute gaur, 115,6 kilometrokoa.
Dauphinen hazita, Tourreko maillot berdeari begira jarri da jada Degenkolb
Highroad taldeko esprinter alemaniarrak irabazi du laugarren etapa, eta Wigginsek jarraitzen du lider
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu