TENISA

Davenport eta Sharapova, kalera

Mary Pierceren eta Justine Henin-Hardenneren aurka galdu dute Roland Garroseko final-laurdenetan

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Lindsay Davenporti eta Maria Sharapovari ez die ezertarako balio izan Roland Garroseko lehen bi zerrendaburuak izateak. Biek galdu zuten atzo, final-laurdenetan, eta lehiatik kanpo geratu dira. Estatubatuarrak Mary Pierce frantziarraren aurka galdu zuen. Piercek uste baino errazago irabazi zuen: 6-3 eta 6-2.Frantziarraren garaipena ustekabea da, baina ustekabe txikia. Davenportek ederki sufritu behar izan zuen final-laurdenetara iristeko, hiru setetan irabazi baitzituen aurretik jokatutako lau kanporaketak.

Sharapova bidean geratzea ere ustekabea da. Errusiarrak, hala ere, aurkari zaila zuen: Justine Henin-Hardenne. Belgikarra ikusgarri aritu zen, eta 6-4 eta 6-2 hartu zuen mendean Sharapova. Henin-Hardennek ez du partidarik galdu hondarrean sasoi honetan, eta jokatu dituen azken 22 partidak irabazi ditu. Munduko lehena izandakoa indartsu itzuli da pistetara, zazpi hilabetean min hartuta egon ostean.

Elena Likhovtseva eta Nadia Petrova errusiarrak ariko dira Piercerekin eta Henin-Hardennerekin batera finalerdietan. Likhovtsevak hiru set behar izan zituen Sesil Karatantxeva bulgariarra kanporatzeko: 2-6, 6-4 eta 6-4. Petrovak ez zuen hainbeste sufritu, eta 6-2 eta 6-2 irabazi zion Ana Ivanovic kroaziarrari. Pierce-Likhovtseva eta Henin-Hardenne-Petrova izango dira finalerdiak.

Federer-Nadal finalerdietan

Final-laurdenetako bi partida jokatu ziren gizonezkoen mailan. Ez zen ustekaberik izan, eta Roger Federer suitzarra eta Rafael Nadal mallorkarra finalerdietarako sailkatu ziren. Federerrek 6-2, 7-6 eta 6-3 hartu zuen mendean Victor Hanescu errumaniarra, eta Nadalek 7-5, 6-2 eta 6-0 David Ferrer valentziarra. Suitzarrak eta mallorkarrak elkarren aurka jokatuko dute etzi. Final-laurdenetako beste bi partida jokatuko dira gaur: Davydenko-Robredo eta Cañas-Puerta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.