Txirrindularitza

David Garcia irabazle Vueltan

Ihesaldi jendetsu bateko partaide izan da, eta bukaeran bakarrik aldegin du. Alberto Contador liderrak erorikoa izan du, baina ez dauka ezer larririk.

2008ko irailaren 15a
18:06
Entzun
David Garciak irabazi du gaur arratsaldean Espainiako Vueltako hamabosgarren etapa: Cudillero-Ponferrada (202 kilometro).

Etapa hasiera aldera hamasei txirrindularik ihes egin dute, eta tartean zen David Garcia. Baita, besteak beste, Juanma Garate, Mikel Astarloza, Jose Luis Arrieta eta Xabier Zandio euskal txirrindulariak ere. Helmugarako hamar kilometro falta zirela aldapa gogor bat izan dute eta, Garcia ez ezik, Nick Nuyens, David Arroyo eta Garate ere aurrean bakarrik geratu dira. Hiru kilometroren faltan ihes egin du Garciak, eta bakarrik heldu da. Beste iheskideak sakabanatuta iritsi dira. Nuyens izan da bigarrena, Garate hirugarrena, biak hamazazpi segundora.

Tropel nagusia oso atzean izan da etapa osoan. Azkenean, 14.22ra sartu da.

Alberto Contador (Astana) liderrak erorikoa izan du helmugarako 36 kilometro falta zirela eta ezkerreko belaunean kolpea hartu du. Medikuak lasterketan bertan artatu du, eta adierazi du ez daukala ezer garrantzitsurik.

Sailkapen nagusiak berdin segitzen du aurrealdean. Bigarren tokian Levi Leipheimer Contadorren taldekidea dago (1.17 segundora), Carlos Sastre hirugarren (3.41era), Ezequiel Mosquera laugarren (4.35era), Robert Gesink bosgarren (5.49ra).

Contadorrek (25 urte, Espainia) aurten Italiako Giroa irabazi du, iaz Frantziako Tourra -aurten ez diote haren taldeari parte hartzen utzi- eta, orain Vuelta lortzen badu, hiru itzuli handiak eskuratzen historiako bosgarren txirrindularia izango da. Aurretik, Jacques Anquetil, Felice Gimondi, Eddy Merckx eta Bernard Hinaultek lortu izan dute.

Bihar korrituko dute hamaseigarren etapa: Ponferrada-Zamora (186,3 kilometro). Hamabosgarren kilometroan lehen mailako mendatea edukiko dute, eta gero laua izango da etapa.

Igandean bukatuko da Vuelta, Madrilen. Larunbatean 17,1 kilometroko krono-igoera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.