Futbola

David Zurutuzak agur esan dio Realean eginiko ibilbideari

Agurreko prentsaurrekoan eskerrak eman dizkie klubari eta bere familia osoari, urte guzti hauetan beregan sinisteagatik.

jarraia184571.jpg
inigo lasa fresneda
2020ko uztailaren 20a
14:01
Entzun

David Zurutuzak bere azken hitzak esan ditu Realeko jokalari modura. Realera iritsi zenetik gaur egunera arte klubak izan duen garapena nabarmendu du. Realean izan duen ibilbidea «ametsetakoa» izan dela azpimarratu du Rochefortekoak. Kolore txuri-urdinak hogei urtez defendatzeagatik «pribilegiatu bat» sentitu da Zurutuza.

Aurreko denboraldian ez bezala, Zurutuzak garbi zuen Reala utziko zuela: «Konfinamenduaren aurretik argi nuen erabakia. Nire Realeko etapa amaitu da». Denbora batez futbolaz ahaztu eta deskonektatu egin nahi du: «Sakrifizio handia da; asko exijitzen du futbolak. Ez dakit jendeak badakien futbol jokalaria izatea zer den».

Zurutuzaren agurrarekin, 2009-2010eko denboraldian igotzea lortu zuen talde hartatik ez da jokalaririk geratzen Realean. Jokin Aperribai Realeko presidenteak gogora ekarri du belaunaldi hori: «Realarengatik asko egin duen belaunaldi bat izan da Davidena. Orain dela hamabi urte, Bigarren Mailan geunden, norabide argirik gabe». «Daviden agurrarekin, Zubietako 80ko hamarkadako belaunaldia ixten dugu».

Zale txuri-urdinei ere eskerrak eman nahi izan dizkie Zurutuzak: «Jokalari maitatua izan naiz, zelaian beti entzun izan dira Zuru, Zuru garrasiak. Eskerrik asko zaleei». Datozen sasoiei begira, lasaitasun mezua helarazi nahi izan die realzale guztiei: «Urte oparoak datoz Realarentzat. Zale modura asko gozatuko dudala uste dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.